XXVIII. Milla herrikoia jokatuko dute zapatuan Gernika-Lumon

2012/11/09

BUSTURIALDEKO HITZA|

Gernika-Lumoko XXVIII. Milla Herrikoia jokatuko dute zapatuan, 16:00etan hasita. Urtero lez, gazteek zein nagusiek parte hartu ahal izango dute lasterketa horretan. Dagoeneko ikastetxeetako ikasleek eman dute izena lasterketan parte hartzeko; guztira, hain zuzen, 544 ikaslek.
Merkurio iturritik abiatuko dira parte hartzaileak; lehenengo aurrebenjamin mutilak irtengo dira, eta, horien ostean aterako dira hurrengo kategorietakoak.  Guztira, sei kategoriatan banatuta egingo dute lasterka korrikalariek. Umeak eta gaztetxoek bost mailatan banatuta parte hartuko dute: aurrebenjaminetan, benjaminetan, alebinetan, infantiletan eta kadeteetan. Horiek guztiek 40 txandatan egingo dute lasterka eta txanda bakoitzetik hurrengora hiru minutuko aldea izango dute. Txikoetxenek bukatzerakoan, nagusien txanda izango da. Horiek, bestalde, maila bakarrean lehiatuko dira; gizonezkoak eta emakumezkoak batera.

Ikastetxeen bitartez izena emon ez duten korrikalariek zapatuan bertan eman ahalko dute izena; 14:30etik 16:00etara, Merkurio iturriaren parean.

Proba bukatutakoan, lasterkari guztiek domina hartuko dutela azaldu dute Gernika-Lumoko Kirol Patronatukoek. Bestalde, ez dela sailkapenik egongo be esan dute.

Mailak

Umeak

Aurrebenjaminak. 2005 eta 2006 urteetan jaiotakoak. 300 metro egin beharko dituzte.
Benjaminak. 2003 eta 2004 urteetan jaiotakoak. 400 metro egin beharko dituzte.
Alebinak. 2001 eta 2002 urteetan jaiotakoak. 500 metro egin beharko dituzte.
Infantilak. 1999 eta 2000 urteetan jaiotakoak. 900 metro egin beharko dituzte.
Kadeteak. 1997 eta 1998 urteetan jaiotakoak. 1560 metro egin beharko dituzte.
Nagusiak
Nagusiak. Maila bakarra izango da nagusietan. Gizonezkoak eta emakumezkoak batera ariko dira maila berean. 1560 metro egin beharko dituzte.