Uztailean hasiko dira Gernikako udako kaleko kanpamenduak

2013/06/25

I.ALBERDI-DEIA|

Uztailarekin batera hasiko dira, berriz ere, Gernika-Lumoko Udako Kale kanpamenduak. Udan zer egin? izeneko aisialdi kanpainaren barruan, aurten ere, 4 eta 12 urte bitarteko umeek eta gazteek herrian bertan tailerrak, antzerkia, jolasak eta beste hainbat jarduera dibertigarri egiteko aukera izango dute.

Kanpainaren helburuetako bat eskolaz kanpo euskararen erabilera indartzea denez, jarduera guztiak euskara hutsean egingo dituzte, batez ere aisialdian eta jolas giroan. Bi taldetan banatu dituzte: 4tik 6 urtera artekoak, batetik; eta 7 eta 12 urte bitartekoak, bestetik, “horrela, talde bakoitzak bere adinari dagozkion jarduerak egingo ditu”.

Ekimena hilabetea amaitu arte luzatuko da, astelehenetik ostiralera, Merkatu plazan, arratsaldeko 17:30etik 20:30era.