Ustez ostutako bizikletak Internetez saltzen zituen gazte bat atxilotu dute

2013/01/24

BUSTURIALDEKO HITZA|

26 urteko gizonezko bat atxilotu zuen Ertzaintzak joan den astelehen arratsaldean, lapurtutako txirrinduak Internetez saltzea leporatuta. Segurtasun Sailaren arabera, Bermeoko eta Gernika-Lumoko trastelekuetan ostutakoak ziren bizikletak. Hain zuzen, lau lapurreta Gernika-Lumon jazo ziren, eta bat Bermeon. Bizikleten prezioa, bestalde, 500 eta 1.500 euro artekoa zen.

Bigarren eskuko objektuak saltzeko webgune batean jarritako iragarkiekin lotu zuen Ertzaintzak gizonezkoa, iragarritakoak lapurtutako txirrinduen ezagurarriekin bat zetozela egiaztatuz. Azkenik, Mungian atzeman zuten 26 urteko gaztea.