URDAIBAI REGGAE JAIALDIA HARTUKO DU BERMEOKO KAFE ANTZOKIAK ZAPATUAN

2012/11/29

BERMEOKO HITZA

Bermeoko Kafe Antzokiak eta Revolutionary Brothersek elkarlanean antolatuta, Urdaibai Reggae jaialdia ospatuko dute zapatuan Busturialdeko herrian. Antolatzaileek azaldu dutenez, «festa interesgarria» izango da Kafe Antzokian egingo dutena, «Jamaikako doinuekin gozatzeko eta dantzatzeko» aproposa. Nazioartetik etorritako abeslariekin batera, Euskal Herrikoak ariko dira zapatu gauari giroa jartzen.

Black Out Ja jamaikarra eta Mariana P italiarra izango dira atzerritik datozen bi abeslariak. Euskal Herriko ordezkariak, bestetik, Materia Gris, Ital Rockers sound systema, Bitter Sweet, Revolutionary Brothers sound systema eta King Konsul & Yanu abeslariak izango dira. 22:00etatik aurrera, bada, maila handiko gau musikala eskainiko du Kafe Antzokiak.