URDAIBAI BIRD CENTERRERA IRTEERA EGINGO DUTE HILAREN 24an EREÑOKO ERRETIRATUEK

2013/10/15

BUSTURALDEKO HITZA|

Ereñozar Erretiratuen Elkarteak marmitakoaren jaia eta Gautegiz Arteagako Urdaibai Bird Centerrera irteera antolatu ditu urriaren 24rako. Parte hartu nahi duenak hilaren 20a, domeka, izango du izena emateko azken eguna (Gabika auzoan Anderregaz eta Elexalden Pilarregaz harremanetan jarrita).

Datorren eguenean egingo dute, beraz, ereñarrek irteera. 11:00etan aterako dira Gabika auzotik, 11:30ean, Bird Center bisitatu ahal izateko. 14:00etan, ostera, bazkaria jateko tartea hartuko dute. Hain zuzen, marmitakoa izango dute aukeran Kamiñoko jatetxean, Itsas Baserriko gainontzeko bazkideekin batera. Bazkaldu ostean, berriz, mus, tute eta briska txapelketetan parte hartzeko aukera izango dute bertaratutakoek; herri bakoitzeko bikote batek parte hartuko du bai musean, bai briskan eta baita tutean ere.

Prezioari dagokionez, Ereñozar elkarteko bazkide direnek 25 euro ordaindu beharko dituzte eta bazkide ez direnek, berriz, 35 euro. Prezioaren barruan izango dira bidaia, Urdaibai Bird Centerrerako sarrera eta Kamiñokoko bazkaria. Parte hartu nahi duenak izena ematerako orduan ordaindu beharko du.