Turismo jasangarria bultzatzeko apustua egingo du Bermeok

2013/02/06

BUSTURIALDEKO HITZA|

2012an Bermeon egon ziren bisitarien kopurua «nabarmen igo» dela azaldu du Idurre Bideguren Bermeoko alkateak, datuak «onak» izan direla aipatuta. Hain zuzen be, 31.548 lagun hurbildu ziren iaz Bermeoko Turismo Bulegora, 2011n baino 4.357 gehiago. Turismoa baliabide ekonomiko «interesgarria» dela dio Bidegurenek, «horregatik, oraindik lan handia egin behar dela» esan du. Horrela izanik, natura, tradizioa eta identitatea uztartzen duen turismo jasangarri baten aldeko apustua egingo dutela nabarmendu du.

Herrira hurbildutako turismoa ez ezik, Gaztelugatxeko San Juanera hurbildutako bisitarien kopuruak be 2012an gora egin zuela aipatu dute; udako hilabeteetan 25.445 turista pasatu ziren bertako informazio zerbitzutik, 2011n baino ia 3.000 pertsona gehiago.

Gaztelugatxeko San Juanek mundu mailan Bermeo helmuga turistikoan bihurtzeko «aukera paregabea» eskaintzen duela dio Bidegurenek, «Bermeoko altxorra» dela nabarmenduta. Helburu hori lortzeko, Bermeok interneten duen presentzia «handitu eta hobetu» behar dela uste du, «askok internet erabailtzen baitute bidaiak prestatzeko».

Gainera, turismo jasangarriaren aldeko apustua egingo dutela aipatu du Bidegurenek, «gure ingurua eta ondarea zaindu eta mantenduko dituena eta lanpostuak sortuko dituena». Turismo jasangarri hori bultzatzeko, natura, tradizioa eta identitatea uztartu behar direla dio alkateak, «inguru paregabea daukagu eta hori gure ohiturekin lotu beharra daukagu».

Bisitaririk gehienak ekaina eta iraila bitartean izan zirela aipatu dute, 19.136 lagun, hain zuzen; 2011ko udan baino 3.578 bisitari gehiago jakinarazi dutenez. Abuztua izan zen hilabeterik arrakastatsuena (8.857), ondoren uztaila (5,249), iraila (2.639) eta ekaina (2,391).

Datu horiei erreparatuta, udan ez ezik, Bermeo urte guztian zehar helmuga turistikoa izatea lortu gura dutela zehaztu du, «urte guztian zehar badaukagulako zer eskaini».