«Turismo berdearen garapenean asko lagun dezake Guggenheimak»

2013/03/14

BUSTURIALDEKO HITZA|

Espainiako Kongresuan diputatu eta EAJren bozeramale izan da Josu Erkoreka bermeotarra; gaur egun, Justizia eta Admnistrazio Publikoko sailburu ez ezik, Jaurlaritzako bozeramalea ere bada.

Kargua hartu ondoren, zein izan da lehendabizi jorratu behar izan duzun gaia?
Aurreko gobernuak zabalik utzi zituen karpeta batzuk itxi beharra izan dugu, hau da, zenbait arazo. Horietako bat funtzionarien Gabonetako aparteko ordainsariarena da, eta sartu barri gai hori bideratu behar izan dugu. Emandako irtenbidea 2013ko aparteko ordainsaria aurreratzea izan da. Horretarako lege bat behar zen, eta hori izan da nik egindako lehenengo lana.

Zein da legegintzaldi honetarako helburu nagusia?
Gobernuaren erronka nagusia ekonomia suspertzea da, aberastasuna lortzeko eta lanpostuak sortzeko. Erkidegoak beharrizan asko ditu, baina hori da, momentuz, premiazkoena. Horri behar moduko erantzuna emon ezean, hondoa joko dugu beste hainbat arlotan.

Busturialdeak suspertze ekonomikoa behar duela entzuten da behin eta barriz. Bermeotarra izanik eta arazoak hurbiletik ezagututa, zein liteke irtenbidea, zure ustez?
Lurralde bakoitzak garapen ekonomikorako irtenbide desbardinak ditu. Batetik, hemen, Busturialdean, baliabide naturala dugu, etekina ateratzeko modukoa. Bestetik, lanerako prest dauden eta gaitasun handia duten andra-gizonak ditugu. Hortaz, ingurumenera egokitzen diren proiektu industrialak erakarri beharko lirateke.

Krisialdia dela eta, orain ez da momentua, baina, ekonomia suspertuz gero, zer hobetsiko liteke Urdaibain, Guggenheim museoa eraikitzea edo Busturialdeko sare industriala suspertzea?
Nire ustez, biak uztar daitezke. Bateragarriak dira, bakoitzari bere bideak emonaz eta apustuetako bakoitza bere inguruan kokatuta. Turismo berdea eta turismo kulturala zutabe nagusiak dira gure etorkizunean, eta hori ahalik eta gehien aprobetxatu beharra daukagu. Horretan, Guggenheim museoak paper garrantzitsua izan dezake. Halanda be, ez dago zertan alde batera utzi behar potentzial industriala. Uste dut adar bietatik jo behar dela, biak aprobetxatuz.

Eta, zuk zeuk, zer iritzi duzu Urdaibain Guggenheim museoa eraikitzeaz?
Aldekoa naiz. Gainera, ideia hori ez da isolatuta etorri, proiektu baten barruan baizik: azpiegiturekin, komunikazioekin… uste dut Guggenheim museoak asko lagun dezakeela zutabetzat hartu behar den turismo berdearen garapen ekonomikoan. Hortaz, ideia ona eta egokia dela deritzot, eta, ahal den neurrian, aprobetxatu beharrekoa.

Zein izango da Eusko Jaurlaritzak horren aurrean hartuko duen jarrera?
Ez naiz arlo horretako sailburua, baina eskualdeko kontuetan konpetentzia duten sailburuekin harremanetan izaten naizenik ez dut ukatuko, nik neuk be jakin gura dudalako gure eskualdeko gauzak zelan dauden. Sukarrietako Guggenheim museoaren ideia aurreko gobernuarekin sortu zen. Orain, Kultura Sailak gai horri heldu behar dio, aztertu zelan dagoen planteatuta. Esan didatenez, proiektua aztertzen dabiltza. Halanda be, esan beharra dago ez dela egun batetik besterako gauza izango, baliabide ekonomikoak ez direlako egokienak.

Biosfera erreserba garrantzitsu batean bizi gara. Iraunkor mantentzeko zer behar da?
Arlo horretako sailburua be ez naiz, baina, nire ustez, garapena behar du, eta garapen hori oraindik behar den moduan egin barik dago. Aurrerago esandakoaren haritik, beharrezkoa da ingurumenaren inguruko garapen ekonomikoa bultzatzea. Hori egin ezean, beti orokorkerietan egongo gara, aurrerapausorik emon barik.

Madrilen, bestalde, euskal arrantzaleen interesak defendatzeko lana zenuen, besteren artean. Hemendik, hurbilagotik, zeozer egin daiteke?
Arrantza arlorako irtenbideak, zoritxarrez, ez daude gure esku. Erabakirik garrantzitsuenak Europan hartzen dituzte, eta Europan Espainiako Gobernua dago. Madrilgo Kongresutik ekinean ibiltzen ginen euskal arrantzaleen interesak defendatzeko, kuotak irabazteko… Eusko Jaurlaritzatik be, orain arte egin moduan, presio bardina egingo dugu, arrantzaleekin eta kofradiekin elkarlanean.