Tradizioari eutsi dioten atorrak

2013/02/07

BUSTURIALDEKO HITZA|

gidaritzapean eta ohiturari eutsiz, herriko kaleak hartuko dituzte domeka goizean Mundakako atorrek. 12:30etik aurrera, kolore zuria nagusituko da herriko kaleetan, arratsaldean lamien beltza agertu arte. Lehenengo parada Jose Mari Egileorren etxepean egingo dute atorrek. Hark 1959an egindako Aratuste abestiarekin hasiko dira atorrak, eta aurtengo abestia aurkeztuko diote ondoren. Horrela emoten diote hasiera Euskal Herrian ezagunenetarikoa den aratuste domekari.

Historia luzea dute atorrek, baina nondik datozen ez dakite. Mundakako Udalean dagoen lehenengo erreferentzia XVIII. mendekoa dela diote. «Ez zietela atorrei irteten uzten» dakar dokumentu batean, azaldu du Mundakako Atorrak elkarteko presidente Gaizka Lozanok. Hori da mundakarrek duten datu bakarra; izan be, orduko alkateak bando bat atera zuen horren inguruan. Ondoren, musika lantzen XX. mendean hasi zirela jakin badakite. «Ikasle-errondaila gisa hasi ziren kaleetatik abesten. Modako abestiei letrak aldatzen zieten». 80ko hamarkadatik aurrera, barriz, urtero abesti barri bat sortzen dute atorrek. Horietan, urtean zehar herrian egon diren aldaketak konta daitezke, edo antzinako gauzen barri emon, «abestia nork egiten duenaren arabera». Aurtengo abestian alkate aldaketa aipatzen da; kantaren esaldirik garrantzitsuenak «alkateak beste etxe handiago batera alde» egin duela aipatzen du.