TRADIZIOA ETA FESTA UZTARTUKO DITU, BESTE BEHIN,MADALEN EGUNAK

2013/07/19

BUSTURIALDEKO HITZA|

Kondairak dioenez, Bermeok estropada batean irabazi zuen Izaro irlaren jabegoa. Bermeotarren eta mundakarren arteko tirabirak konpontze aldera, irlaren jabegoa era horretan jokatzea erabaki zuten Busturialdeko bi herriek, Elantxobek epaile lanak egiten zituen bitartean. Ordutik, uztailaren 22an Bermeoko herritarrek teila bat botatzen dute itsaso hondora, «honaino heltzen dira Bermeoko ituginak» esanaz. Hala eginez, urtero-urtero irlaren jabegoa barrizten du Bermeok.

Madalen eguna jaiegun oso garrantzitsua da Busturialdeko hiru herrientzat, eta aurten be ez da festa girorik faltako data berezia gogoratzeko. Ohi bezala, goizetik murgilduko dira bermeotarrak jai giroan. Hain zuzen, Kankinkabara txistulari taldeak esnatuko ditu, eta udalbatza herriko kontzejupean batu ostean, itsas prozesioa Izarora bidean irtengo da, 12:00ak aldera. Hala, hainbat izango dira Izaro aldera bidaiatuko duten itsasontziak.

Dirua aurrezteko, udalak aisialdirako bi ontzi txiki erabiliko ditu Bermeoko azken mugetara joateko. Iaz be itsasontzi tradizionala ez erabiltzea erabaki zuen.

Behin Izaro ondora helduta, eguneko momenturik zirraragarriena helduko da. Bermeoko bandera eta ikurrina irlaren goikaldean jarri ostean, Idurre Bidegurenek, ohi legez, teila botako du itsaso hondora.

Teila botata, itsas prozesioa Elantxoberantz abiatuko da. Hain zuzen, 14:00ak aldera helduko dira Bermeoko agintariak hango portura. Bidegurenek bertan izango du zain Koldo Olagibel Elantxobeko alkatea. Elantxobetarrak herriko makila emongo dio Bidegureni, Mundakako alkate Aitor Egurrola lekuko dela. Alkartasunako kideek alkateei ohorezko aurreskua dantzatu ostean, plazara abiatuko dira bildutakoak, kalejiran.

Jai giroak iluntzera arte iraungo du Elantxoben, baina Bermeoko udal arduradunak 18:00ak aldera aterako dira Mundakarantz, eta Bermeoko portura 19:30ean helduko dira. Jaieguna, baina, ez da han amaituko. Bermeotarrak fanfarriak lagunduta, kalejiran joango dira Goiko Plazara.

Albizen eta Urrutxun ere Madalen jaiak ospatuko dituzte

Madalen Eguna jai oso garrantzitsua da Busturialdeko kostaldeko hiru herrirentzat, baina eskualdeko bi auzotan be Madalen jaiak ospatuko dituzte, ondo pasatzeko aukera edarra emanez. Albizen (Mendata), esaterako, asteburuan egingo dituzte ospakizunak. Urrutxun (Muxika) , bestalde, uztaileko azken asteburuan murgilduko dira jai giroan.