SUKARRIETAKO UDALARENA ETA ALDUNDIARENA “ITXURAZKO” JARRERA ALDAKETA DELA USTE DU LAN ETA BIZIK

2013/06/11

BUSTURIALDEKO HITZA|

Sukarrietako Udalekuak Interes Kulturaleko Ondare izendatzeko eskaera egin dio Foru Aldundiak Jaurlaritzari eta Sukarrietako Udalak bat egin du eskaera horrekin. Izendapena lortuz gero, babes hori, baina, partziala litzateke Busturialdean Lan eta Bizi plataformaren arabera, «Ricardo Bastidak diseinatutako eraikina soilik babestuko litzateke, gainontzekoa kanpoan utzita». Plataformako kideek ez dute ulertzen zergatik ez duten multzo osoaren babesa eskatzen, «guztia baita eraikinari hasieratik atxikitakoa», diote: «babes partzialeko eskaera horrek, babestu beharreko monumento multzo osoaren batazun bereiziezina apurtzen du».

Beraz, Aldundiak eta udalak izan duten jarrera aldaketa hori «itxurazkoa» dela uste du Lan eta Bizik, «guzti horren atzetik aitortu ezin diren helburuak ezkutatzen ari direla pentsatzera bultzatzen gaitu».

Sukarrietako udalekua Ondare Kulturalaren zerrendan sar dezaten Iñaki Uriarte arkitektoak Eusko Jaurlaritzari egindako eskaerarekin bat egiten du Busturialdean Lan eta Bizik. Era berean, Sukarrietako Udaleku Eskolaren Monumentu Multzoarekin harremana duten gainontzeko sektore sozialei, pedagogikoei eta profesionalei dei egiten die, eta Eusko Jaurlaritzari babes eskaerak egitera animatzen die.

Bestalde, San Antonio santuaren eguna ospatuko dute etzi, horregatik herritarrei San Antonioko baselizaren ingurura hurbiltzeko deia egiten die Lan eta Bizik, «jai giroan, udalekuak Euskal Kultura Ondare orokorraren zerrendan sartzea eskatzeko».