SERGIO GONZALEZEN ‘HEGAZTIA ERLEAREKIN’ IRUDIAK IRABAZI DU MADARIAGA DORRETXEKO LEHIAKETA

2013/10/24

BUSTURIALDEKO HITZA|

Gaztela-Mantxan ateratako irudi batek irabazi du Euskadiko Biodibertsitate Zentroak antolatutako Hegaztien koloreak argazki lehiaketa. Hain zuzen, jasotako lan denen artean onena Sergio Gonzalez Lozanoren Hegaztia erlearekin izenekoa dela ebatzi du epaimahaiak.

Ahoan erle bat daroan erlatxori baten argazki koloretsua da irabazlea, Ciudad Realeko El Peralbillo herrian (Gaztela-Mantxa, Espainia) ateratakoa. Irudiari esker, Zetazeoak 10etan programarekin kostaldeko hegaztiak eta zetazeoak ikuskatzeko irteera bi eta 50 euroko balioa daukan Eusko Labeldun produktuen otzara bat irabazi ditu Gonzalezek.

Euskadiko Biodibertsitate Zentroko lantaldeak osatu du epaimahaia, eta “jasotako lanen kalitate handia” nabarmendu du, hogei baino gehiago izan direla zehaztuz. Maila altua izan dela eta, bat bakarra hautatzeko zailtasunak izan dituztela azaldu dute.

Hori horrela, parte hartzaile guztiei “kalitate handiko lanak bidaltzeagatik eskerrak” eman dizkie Euskadiko Biodibertsitate Zentroak.