Sei ikastaro jarriko ditu Muxikako Udalak herritarren eskura aurten

2013/01/23

BUSTURIALDEKO HITZA|

Muxikako Udaleko kultura sailak 2013. urteari begira ikastaro barriak antolatu ditu eta herritarren eskura jarri gura ditu. Horretarako, baina, izena emon beharko dute muxikarrek aste honetan; izan be, datorren astelehenean, hilaren 28an bukatuko da izena emoteko epea.
Hainbat ikastarotan parte hartzeko aukera izango du herritarrak 2013an; besteak beste, pilates, dantzak, yoga, esku-laneak, gozogintza eta jostura ikastaroak izango dituzte aukeran.

Aipatu ikastaroak Zubietaerrota liburutegian eskainiko dituzte, esku-lanak eta gozogintza ikastaroak izan ezik, horiek Ariatzako eskolan eta txokoan emongo baitituzte, hurrenez hurren.

Udalak jakinarazi duenez, herriko ikasleek, erretiratuek eta langabetuek 5 euroko beherapena izango dute aipatu ikastaroetan. Parte hartzeko Zubietaerrotara jo beharko dute. Dena den, telefonoz (645 00 66 63 edo 94 625 79 42 telefonora deituta) edota posta elektronikoz liburutegia.muxika@bizkaia.org helbidera mezua idatzita) be izena emoteko aukera dago.

Ikastaroak 2013

Pilates. Urrian hasita, maiatzera arte. Arratsaldez: astelehenetan eta eguaztenetan, 19:00etatik 20:00etara. Goizez: eguaztenetan eta barikuetan, 11:00etatik 12:00etara. Prezioa: 20 euro.
Dantzak. Urrian hasi eta abendura bitartean. Astelehenetan eta eguaztenetan, 18:00etatik 19:00etara. Prezioa: 20 euro.
Yoga. Urrian hasita, maiatzera arte. Erretiratuek martitzen eta eguenetan hartuko dituzte klaseak, 18:00etatik 19:00etara. Prezioa: 15 euro. Gainontzekoek, ostera, martitzen eta eguenetan, 19:00etatik 20:00etara. Prezioa: 20 euro.
Esku-lanak. Urrian hasita, maiatzera arte. Barikuetan Ariatzako eskolan, 18:00etatik 20:00etara. Prezioa: 20 euro.
Gozogintza. Otsailean eta martxoan zehar. Martitzenetan Ariatzako txokoan, 18:00etatik 20:00etara. Prezioa: 25 euro.
Jostura. Otsailean eta martxoan zehar. Eguenetan, 18:00etatik 20:00etara. Prezioa: 20 euro.