SANTBOIANA HIRUGARREN SAILKATUAREN KONTRA JOKATUKO DU BIZKAIA GERNIKAK

2012/11/30

BUSTURIALDEKO HITZA|

Joan den asteburuko liga jardunaldian bigarren sailkatuari irabazita, Bizkaia Gernika sendo mantendu zen lidertzan momentuko talderik hoberena dela erakutsiz. Gernikarrek hamahiru puntura handitu zuten bigarren sailkatuarekiko errenta, baina Ohorezko Mailak ez du erlaxatzeko denborarik emoten. Hala, basurdeek Santboiana hirugarren sailkatuaren kontra jokatuko dute, etzi.

Joan den denboraldian katalandarrek 37-23 irabazi zuten, eta horrenbestez, arantza kentzeko aukera izango dute basurdeek ligaren zortzigarren jardunaldian. Bertokoek irabaziz gero, garaipen handia lortuko lukete etxetik kanpo, eta jaun eta jabe direla baieztatuko lukete. Galduz gero, bestalde, gernikarrek lidertzan jarraituko lukete, baina joan den asteburuko aldea galduta. Bertokoek liga hasiera borobila egin dute.

Bederatzi partida jokatuta, lehia bakarra galdu dute, eta ikuskizun gehien eskaintzen duen taldea da, entsegu asko egiten baitituzte.

Amlin Challenge txapelketaren sarrerak salgai

Bizkaia Gernikak Amlin Challenge txapelketaren hirugarren partida jokatuko du abenduaren 8an, eta dagoeneko, salgai jarri dituzte sarrerak. Hain zuzen, Rovigo talde Italiarraren kontra jokatuko dute gernikarrek, 16:00etatik aurrera. Taldetik jakinarazi dutenez, abenduaren 5era arte salduko dituzte sarrerak aldez aurretik. Interesatuek taldearen Urbietako egoitzara joan beharko dute sarrerak erostera, 16:00etatik 20:00etara. Bazkideentzako sarrerek hamabost euro balio dituzte, eta, bazkide ez direnek, 20 edo 25 euro ordaindu beharko dituzte: partida harmailetatik jarraitzeagatik 25 euro, eta gainontzeko lekuetan jartzeagatik 20 euro. Neurketaren egunean be, sarrerak erosteko aukera izango dute inguruko zaleek.