Santa Katalina ospatuko dute mundakarrek asteburuan

2012/11/22

BUSTURIALDEKO HITZA|

Santa Katalina santuaren eguna ospatuko dute asteburuan mundakarrek. Barikuan surfa gaitzat duten filmak ikusteko aukera izango dute bai nagusiek zein umeek eta zapaturako eta domekarako hainbat dira antolatutako jarduerak.

Barikuan, 19:00etan hasiko da surf filmen emonaldia. Lehenik eta behin, umeentzako saioa izango da, Locos por el Surf eta Bob Esponja y la ola gigante  ikusteko aukera izango dute. Ondoren, nagusiek, 20:30ean, 2012ko urrian izandako surf biltzar lokala ikusi ahalko dute. Zapatuan goiz goizetik martxan hasiko dira sukaldari asko; izan be, XXVIII. bakailao pil-pilean txapelketa 10:00etan hasiko da. Parte hartu ahal izateko aurretiaz izena emon behar zen, eta hain zuzen be, 12 lagunek emon dutela azaldu dute Mundakako Turismo Bulegoan. 13:00etan, bakailoak prest egon beharko du ordu horretan aurkeztu beharko baitituzte kazolak. Dastaketa egin ondoren egingo dute sari banaketa ekitaldia.

20:00etan Zarata non nahi Pasakale ohiturazkoa egingo dute Plazuelatik. 21:30ean, barriz, Casus Belli musika talde mundakarraren kontzertuaz gozatzeko aukera izango dute bertaratutakoek.

Gainera, egunean zehar Mundakako Surf Taldeak, taldearen XXV. urteurrena ospatzeko ekitaldi desberdinak antolatuko dituela jakinarazi dute.

Domekan, santuaren eguna

10:30ean emongo diote hasiera Santa Katalina egunari bolanderekin eta altzaferoekin. 12:00etan, Mesa Nagusia egongo da Santa Katalina baselizan eta bertan bilduko baita urtero legez udalbatza. Jarraian, Gazte Zar Dantza Taldeak Ohorezko Aurreskua dantzatuko du herriari zuzenduta.

Goizean zehar umeentzako jolasak izango dira Santa Katalina plazatxoan. Euria eginez gero, Islakale kiroldegian egingo direla azaldu dute.

13:00etan, Alkate Mallonari lore eskaintza egingo diote kanposantuan eta ordu erdi beranduago Alkate Mallona parkean alkate ohiaren omenezko gogoeta egingo dute.