San Martineko babespeko etxebizitzen auzia epaitegien esku uzteko erabakia hartu du Berualak

2013/02/25

BUSTURUALDEKO HITZA|

Gaur goizean bildu da Berualako Administrazio Kontseilua eta San Martin auzoko Babes Ofizialako Etxebizitzen (BOE) auzia epaitegien esku uzteko erabakia hartu du, “ezinbestekoa da mota guztietako erantzukizunak argitzea”, esan du Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek.

Otsailaren 27a baino lehen 3,4 milioi euroko fidantza ordaintzera behartu du epaileak Beruala; izan be, bi urtetan proiektuaren modifikazioa eskatzen ibili diren arren, epaileak eskatutakoa ez da bete. Hilaren 27rako epaileak eskatutako 3,4 milioi euroak ordaintzen ez badira, “ondasunak bahitzea” ekar dezakeela adierazi dute. Berualak ezin du fidantza hori ordaindu dirurik ez duelako. Horregatik, epe hori luzatzeko ahaleginetan dabiltzatela adierazi du Bermeoko alkateak. Jakinarazi dutenez, Bizkaiko Foru Aldundiarekin harremanetan ari dira ustekabeetarako duten ataletik ordaindu ahal izateko, hori, halanda be, “ez litzateke nahikoa izango”.

San Martineko babespeko 38 etxebizitzen eraikinaren auzian egindako kudeaketari buruzko espediente informatiboa egin du Berualak eta atzo arratsaldean egin zuten Berualaren asanblada orokor informatiboa horren barri emoteko. Hainbat ondorio atera dituzte espediente informatibo horretatik, nabarmenena, gobernu taldearen arabera, “Berualaren estatutuak bete ez izana” da, “hainbat erabaki hartu izan dira Berualako Administrazio Kontseiluak onartu barik”, diote. Horren erantzule nagusia, joan den agintaldian Berualaren presidente eta alkate izandako Xabier Legarreta dela uste dute.

Bestalde, espediente informatiboak ondorioztatu legez, San Martineko 2. eta 4. partzelak modu bardinean egin zitezkeen, “aukera bazegoen”. Are gehiago, aukera baino, betebeharra zela dio udal gobernuak, Ibarretas XXI enpresarekin akordioa lortu ondoren eta epaileak hainbatetan agindua betetzeko eskaera egin ondoren. “Epailearen autoek argi esaten zuten hitzarmena bete ezean, ondorio ekonomikoak egon zitezkeela, eta orain horren ondorioak ordaintzera behartuta gaude”. Espediente informatiboak zera adierazten du: “ebazpen judizialak ziotenaren aurka jokatu ez balitz, orain ez ginateke egoera honetan aurkituko”.

Espediente informatiboaren ondorioak

EAJko zinegotzien arabera, “burugabekeria eta astokeria da aurreko agintaldian kudeatzen hasitako babespeko etxebizitzen eraikinaren eraistearekin aurrera egitea”.

8 milioi euroko zorra

3,4 milioi euro ez da Berualak ordaindu behar duen bakarra, 8 milioi euroko zorra duela argitu baitzuen atzo Bermeoko udal gobernu taldeak. Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) joan den agintaldian egin zuen kudeaketak Bermeon “hondamendi ekonomikoa” sortu duela adierazi dute. Beruala S.A. elkarte publikoa dela gogorarazi dute, beraz, haren kapitala %100ean udal jabetzakoa da.

Berualaren kontuak argi ez zeudenez, auditoria bat egin zioten 2011. urtean. “Dokumentu eskasekin aurkitu ziren, justifikatzeko zailak, kontabilitatearen egoera txarra, ogasun aitorpen okerrak, faktura bardinak birritan justifikatuta, etxebizitzen salmentatatik jasotako dirua mailegua ordaintzera bideratu beharrean, beste gastu batzuetarako erabilita…hortaz, hainbat ziren akatsak”, azaldu du Bidegurenek. “Larria” da, gainera, kontuetan zeuden arazoak “ezkutatu” egiten zirela, “emaitzak apaintzen zituzten, emaitza 0 izateko, nahiz eta galerak zeudela jakin”, kritikatzen dute.

“”Irregulartasunak” hainbat zirela azaldu dute eta honen ondorios ia 8 milioi euroko zorra duela aipatu. “San Martineko etxebizitzekaitik zor duen 3,4 milioi euroei, Alde Zaharreko bizilagunei 560.000 euro zor die, herritarrei onartutako diru-laguntzengatik, hornitzaileei be 2,7 zor zaie eta bankuei 8.600.000 euro”.

Bidegurenek adierazi duen moduan, “burugabekeriaz egindako kudeaketa txarrak ondorio larriak ekarri ditu, urte nahikotarako herria hipotekatuta utzi digute”. Zorrei arpi emoteko, hiru edo lau milio euroko mailegua eskatu beharko dutela jakinarazi dute.

Ez da erabaki politikorik egon

Xabier Legarreta Bermeoko alkate ohiak, barriz, erabakiak “beti” txosten teknikoetan eta juridikoetan oinarrituta hartu dituela azaldu zuen atzo. Horrela, “erabaki politikorik” auzi horretan ez zuela hartu argi utzi gura izan zuen.

Ibarretas XXI enpresak eta Bilduk, “biak alkar beraien buruak erabili dituzte helburu bakarrarekin: aurreko agintaldiko EAJren kudeaketa zalantzan ipintzea”, salatu zuten atzo EAJko zinegotziek. Hortaz, EAJren ustez biak dira (Ibarretas eta Bildu) “bermeotarrei etorriko zaizkigun ondorio larrien” erantzule.

Informazio gehiago laster.