Sailkapenean 33. postuan dela jokatuko du Txomin Aranak Dakar Rallyko zortzigarren etapa

2014/01/13

BUSTURIALDEKO HITZA|

Zapatuko atseden egunaren eta atzo zazpigarren etapa jokatuta, zortzigarrena izango da gaurkoa Dakar Rallyko parte hartzaileentzat. Txomin Arana moto gidari ereñarrak maila ona ematen jarraitu du, eta sailkapen orokorrean 33. postuan dago. Marc Coma da rallyko liderra, eta Joan Barreda eta Jordi  Viladoms dira bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.

Atzo maratoi etaparen lehen zatia jokatu zuten, Salta eta Uyuni artean. Etapa hori “lasaitasunez” hartzea erabaki zuen Aranak; izan ere, altuera dela eta, motoa “gutxiago dabil”, eta berria denez, larregi ez esplotatzea erabaki zuen. 35. helmugaratu zen atzo, baina motoa aldatu izanagatik, 15 minutuko zigorra ezarri zioten, eta, ondorioz, 53. postua eman zioten.

Argentinatik Boliviara joan da Dakar Rallya, eta herrialde horretan hasiko da gaurko etapa. Amaitu, baina, Txilen amaituko da, muga zeharkatuko baitute gaur. Uyuniko urmael gaziaren inguruan jokatuko da etapa.