Protesten artean zabaldu dute Bereizmen Handiko Zentroa

2012/12/13

BUSTURIALDEKO HITZA|

Protesten artean zabaldu dute Gernikaldea Bereizmen Handiko Zentroa, gaur goizean. Gernika-Lumoko hainbat eragile, eta Galdakaoko ospitaleko sindikatuetako ordezkariak eraikinaren aurrealdean batu dira, euren haserrea Rafael Bengoa Osasun Sailburuari helarazteko. Hain zuzen, 60 lagun inguru batu dira protestan.

Naiara Urberuaga Gernika-Lumoko zinegotziak herriko eragileen izenean esan duenez, Bengoari azalpenak eskatzeko batu dira osasun zentroaren aurrean. Izan be, ez dute ulertzen zentroa horren zerbitzu gutxirekin zabaltzea. Urberuagak nabarmendu duenez, “anbulategiko espezialisten kontsultak baino ez ditu hartu Gernikaldea zentroak”.

Zinegotziaren berbetan, “ongi etorria” emoten diote zentro barria, baina osasun agintariek orain arte “agindu dituzten zerbitzu guztiekin osatzea falta da”. Hala, hobekuntza handia izango litzatekela argudiatuta, hemodialisia, etxeko ospitaleratzea, 24 orduko larrialdi zerbitzua eta kirurgia handiak eta txikiak egiteko gunea jartzea eskatu dute.

Modu berean, eraikinaren hirugarren solairuan 70 ohe jartzea aldarrikatu dute bildutakoek. Urberuagak azaldu duenez, Inclan Osasun Sailburu zenean diseinatutako proiektuak argia ikustea gura dute. Gainera, hirugarren solairua hutsik dagoela gogoratu diote Bengoari.

Gernika-Lumoko eragileek, Busturialdeak jasan duen utzikeria salatu dute. Diotenez, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ez dute bidezko neurririk hartu kalitatezko osasun zerbitzu bat bermatze aldera. Urberuagaren berbetan, “etxeko ospitaleratzen zerbitzurik ez duen eskualde bakarra da Busturialdea, eta gainera, ospital handiak urrun daude”.

Sindikatuen protesta

Galdakaoko ospitaleko sindikatuetako ordezkariak, bestalde, murrizketei eta pribatizazioei ezetz esateko batu dira Gernika-Lumon. Jakinarazi dutenez, zerbitzu publikoak pribatizatzea osasun publikoaren kontrako eraso bat da, eta horrenbestez, eskura dituzten neurri guztiekin erantzungo dute.

Bestalde, Gernika-Lumoko zentro barria erdizka zabaltzea astakeria galanta da sindikatuetako ordezkariek azaldu dutenez. Hala, gernikarrentzat hain garrantzitsua den osasun zentro barriak hasierako diseinuagaz bat egitea eskatu dute.