Protesta egitera deitu dituzte herritarrak, 2013ko lehen erasoa salatzeko

2013/01/02

BUSTURIALDEKO HITZA|

Busturialdeko “beste emakume batek” eraso sexista bat jasan duela salatzeko asmoagaz, Gernika-Lumoko Eraso Sexistei STOP! plataformak protesta egitera deitu ditu herritarrak. Hala, 2013ko lehen erasoa azkena izan dadin aldarrikatuko dute, Merkurio iturriaren ondoan. Barikuan, hilaren 4a, egingo dute protesta elkarretaratzea, 19:00etan.

Ertzantzak 19 urteko gizonezko bat atxilotu zuen urteko lehen egunean, Iparragirre kalean emakume bat erasotu ostean. Erzaintzak jakinarazi duenez, emakumea leku aldendu batera eramaten ahalegindu zen gizonezkoa, gorputzeko zenbait ataletan ukituak egiten zizkion bitartean. Neska bortxatzeko ahaleginean, arropak apurtzea lortu zuen atxilotuak.

Ertzaintzak dioenez, neskaren lagun bik lortu zuten bortxaketa geratzea. Antza danez, emakumea baino apur bat aurrerago zihoazen oihuak entzun zituztenean. Oihuak entzundakoan emakumea laguntzera joan ziren, eta Ertzaintza bertaratu arte aurre egin zioten atxilotuari.

Eraso Sexistei STOP! plataformakoen berbetan emakumeen kontrako erasoekin amaitu behar da “behin betiko”. Diotenez, “berdintasunean gaudela emon arren, emakumeok biolentzia jasaten jarraitzen dugu”. Hala, barikuko elkarretaratzea erasoei stop esatea ezinbestekoa dela deritzote. Gaur egungo neurriak nahikoa ez direla argudiatuta, arazoari behin betiko irtenbidea emotea eskatu diote Eusko Jaurlaritzari.