Portuko artelan berria, itsasoan hildako elantxobetarren oroigarri

2013/01/07

RAFAEL VILLASANTEK EGIN DUEN ESKULTURAK ITOTAKO ARRANTZALEEN ARIMEN SALBAZIOA IRUDIKATZEN DU

IÑIGO ALBERDI -DEIA|

Itsasoan galdutako elantxobetar guztien omenezko eskultura bat izango da aurreran-tzean herriko portuan. Rafael Villasantek egindako lana, hasieran, duela mende bat Matxitxakotik 45 miliatara lanean ari zirela galerna izugarriak betiko eraman zituen herritarrak gogoratzeko egin zen, baina Udalak herri arrantzale honetan itsasoak kendutako gizon guztiak omendu nahi izan ditu.

Olatu zakarren artetik ateratzen den esku bati heltzen dion beste esku bat agertzen duen metro erdi altuerako artelanarekin, Rafael Villasantek “jende horrek izango zuen samina” eta “euren arimaren salbazioa; Jaungoikoarekin bat egitea” adierazi gura izan du.

Iazko abuztuaren 12an bete zen galerna handiaren mendeurrena eta orduan jarri zuten lana ikusgai arrantzaleen kofradian. Atzokoan, dena dela, portuan behin betiko izango duen lekuan jarri zen. “Gure ideia lehenago ipintzea zen”, dio Kepa Soraluze Kultur zinegotziak, “baina portuko agintarien baimena behar genuen eta orain Bermeoko Arrantzaleen Museoan egon zen galernaren inguruko erakusketa kofradiara ekarri dugunean aprobetxatu dugu”. Lanaren kokapena portuan izan behar zela hasieratik argi bazegoen ere, Ermita izeneko inguruaren sarrera ez zen izan pentsatutako leku bakarra. “Moilan eskegita jartzea ere pentsatu genuen, baina ez da aproposena”, gogoratzen du kultur zinegotziak.

1912ko galernan Elantxobeko Maria Luisa ontzian zortzi herritar galdu ziren, baina urteetan zehar hainbat izan dira portura heldu barik geratu diren elantxobetarrak, horregatik zabaldu da omenaldia guzti horientzat. “1878ko galerna handi baten ere 49 herritar hil ziren eta harrez gero ere, galerna txikietan edo istripu solteetan beste asko joan dira”, azaltzen du Soraluzek.