PINTURAK ETA ZERAMIKA LANAK IKUSGAI DOMEKARA BITARTEAN NESTOR BASTERRETXEA ARETOAN

2013/07/10

BUSTURIALDEKO HITZA|

Barrueta Arte elkarteak eta Bustina zeramika taldeak antolatzen dituzten ikastaroetako emaitzak ikusgai ipini dituzte Nestor Basterretxea aretoan. Domekara bitartean bisitatu ahalko da erakusketa, ohiko ordutegian, 19:00etatik 21:00etara.

Helduen tailerretan ikasturtean zehar landu dituzten lanak ikus daitezke erakusketan. Mota guztietako pinturak eta baita zeramika lanak be.

Malika Ortikova Bustina zeramika taldeko ikasle bat da, oinarrizko mailan dago oraindik eta “pozik” erakusten ditu ikasturtean zehar egindako lanak. Urtarrilean hasi zenean, buztinarekin hasi zen lanean “ezer ezetik hasi nintzen eta asko hobeto dut. Oso pozik nago”. Ondoren, lauzekin eta kristalekin be zenbait lan egin dituela azaldu du, horietako zenbait Nestor Basterretxea aretoan daude ikusgai. Klase bakoitzean “zailtasun” desberdineko piezak egiten saiatzen dela nabarmentzen du. Jendeak bere lana ezagutzea gura du eta kritikak jasotzeko prest be agertu da, “kritiketatik asko ikasten baita”, dio.