ORDU LEZEETAKO LANAREN OSTEAN, MAHUKAK KENTZEN HASI DIRA SUHILTZAILEAK

2013/04/12

BUSTURIALDEKO HITZA|

«Azken 30 urteetan Bizkaiko herrigune batean piztu den suterik handiena». Horrela definitu zuen atzo goizean Jose Luis Bilbao Bizkaiko Ahaldun Nagusiak herenegun goizaldean Bermeon sortutako sutea. 03:30ak aldera piztu zen sua, alde zaharreko Nardiz Tar Jon kalean, ustez, zirkuitulabur batek eraginda. Hain zuzen, Athletic tabernaren gaineko etxean sortu zen. Etxebizitza hori hutsik zegoen. Ordu luzeetan gunean lanean egon ostean, gaur goizean mahukak kentzen hasi dira suhiltzaileak eta, arriskurik ez dela eta, argindarra eta ura berrezarri dute kaltetutako kaleetan. Bermeoko Udalak 12:00etan emango du egoeraren berri.

Kaixo taberna kaltetuentzako gosariak ematen ari da. Bestalde, Intxausti kaleko Isabel mertzeriako jabeak azaldu duenez, oraindik ezin izan ditu dendan sortutako kalteak egiaztatu, patioak Nardiz Tar Jon kalera ematen duela eta, suhiltzaileak daudelako oraindik han lanean. Dena den, salgaien ezaugarriak kontuan hartuta, galera handiak izango dituela dio.

Alde zaharreko etxebizitzek egurrezko egitura dutenez eta hego haizearen eraginez, su garrak Erremedio, Nekazari eta Intxausti kaleetan be berehala zabaldu ziren, hainbat eraikini eraginez. Kalteak handiak zirela eta, goizeko lehen orduetarako Nardiz Tar Jon kaleko eraikin bi jausi egin ziren, eta goizean zehar beste biak. Hain zuzen, kale horretako 17, 18, 20 eta 23 eraikinak guztiz suntsitu ditu suak eta, Bermeoko Udalaren arabera, kale bereko 15, 16 eta 19 oso kaltetuta geratu dira, euren kabuz jausi jausi ezean eraitsi egin beharko dituztelarik.

Suak eragindako hondamendia ikusgarria izan arren, ez zen zauritu larritik gertatu. Goizean zehar argitu zutenez, bost pertsona artatu behar izan zituzten, kea arnasteagatik. Hiru suhiltzaile, ertzain bat eta udaltzain bat izan ziren, hain justu, arin zauritutako bost lagunak.

Herritarren artean ez zen zauriturik egon, baina askok pairatu zituzten sutearen ondorioak, 100 pertsona inguru aterarazi behar izan baitzituzten beren etxeetatik. Bizilagun horiek guztiak hartzeko BBKren Goiko plazako antzinako egoitza atondu zuen Bermeoko Udalak.

70 pertsona etxerik barik Jose Luis Bilbaok goizean zehaztu zuenez, 70 pertsona geratu dira etxerik barik, 35 familia. Dena den, beste etxebizitza batzuetako kalteak egiaztatzean kopuruak gora egin lezakeela argitu zuten.

Erremedio kaleko bizilagunei atzo arratsaldean eman zieten etxera bueltatzeko baimena, eta Intxausti kalekoei suhiltzaileek beren lana amaitzean emango zietela baimena azaldu zuten atzo arratsaldean. Nardiz Tar Jon kaleko zenbait etxebizitza, alabaina, ikuskatu egin beharko dituzte. Horretarako, udal teknikariez, arkitektoez eta aparejadoreez osatutako lau talde eratu dituzte, eta atzo arratsaldean hasiak zituzten eraikinak ikuskatzeko lanak. Udalak, gainera, egoerari egoki aurre egin eta kaltetutakoei behar bezalako laguntza emate aldera, tokiko erakundearen teknikari eta politikariez, Gurutze Gorriko, SOS Deiak-eko, Herri Babeseko, Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuko kideez, suhiltzaileez eta boluntarioez osatutako krisi mahaia eratu zuen.

Etxerik barik geratu direnei dagokienez, Bizkaiko Foru Aldundiak Bermeon oraindik esleitu bako 35 etxebizitzak dauzkala eta, etxerik barik geratu diren bizilagunak horietan sartzeko konpromisoa hartu zuen Ahaldun Nagusiak. Horretarako, bost eguneko epean etxebizitza horiek argindarrez, gasez, urez eta bestelako zerbitzuez hornituko dituztela argitu zuen Bilbaok. «Behin-behinean baina epe luzera begira han hartu dezaten ostatu, azpiegitura minimo bategaz bada be, hornitu egingo ditugu etxeak», esan zuen Bizkaiko Ahaldun Nagusiak.

Udalak, bere aldetik, beste bi etxebizitza ipini ditu herritarren eskura, eta beste hiru Busturialdeko Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitateak. Halaber, Sancti Spiritus zaharren egoitzan eta Egoitz Alai egoitzan be oheak erabilgarri dituztela azaldu zuten, kasu horretan epe laburrerako. Halaber, Itsasoko Gizarte Institutuak be bere azpiegiturak eskaini zituen. Bestalde, Goiko plaza ingururaino be ailegatu ziren su garrak, udaletxearen teilatua be kaltetuz. Tokiko erakundearen egoitzan sortutako kalteak konpontzeko konpromisoa be hartu zuen Ahaldun Nagusiak, «garairik onenak izan ez arren».

Etxera ezin bueltatu Etxerik barik geratu direnez gain, baina, etxera bueltatu ezinik geratu ziren beste hainbat bermeotar. Egoeraren aurrean, horiek guztiak inguruko ostatuetan eta hoteletan kokatuko zituztela esan zuen Idurre Bideguren alkateak.

Esku hutsik eta soinean zeramatenagaz atera ziren kaltetutako kaleetako bizilagunetako gehienak; are gehiago, oinutsik atera zenik be izan zen. Arratsaldera arte, gainera, ez zuten arropak eta bestelako beharrezko objektuak hartzeko etxera sartzerik izan. Hori dela eta, BBKren antzinako lokalean babestu zituzten horiei egunean zehaz elikagaiak eta behar duten guztia emango zietela zehaztu zuen udalak eta, argitu zuenez, herriko hainbat enpresak beren laguntza eskaini zuten zeregin horretarako. Kaltetuak hartzeko laguntza eskaini zuten hotelak eta ostatuak be bazirela azaldu zuen Bidegurenek.

Bestalde, hasierako nahasmena gainditu nahian, informazioa emateko, kaltetuen errolda egiteko… Ber@z bulegoa ipini zuen Bermeoko Udalak herritarren zerbitzura.

Idurre Bideguren alkateak argi eta garbi deskribatu zuen sutearen tamaina. Haren hitzetan, «une batean alde zahar osoak su hartuko zuela pentsatu dugu. Urduritasun momentu batean, aldamenean nuen suhiltzaile bati galdetu diot ea sua gelditzeko gai izango ote ginen. ‘Ez dakit zer esan’ zioen aurpegiarekin begiratu dit». Oso une gogorra izan dela gaineratu zuen alkateak, «sugarrak oso handiak» zirelako.

Sutearen tamainaren bestekoak izan ziren atzo Bermeon erabilitako bitartekoak. Hala, Gernika-Lumoko suhiltzaileez gain, Uriosteko, Artazako, Basauriko, Iurretako eta Derioko suhiltzaileek be esku hartu behar izan zuten. Bada, Bizkaiko suhiltzaile parke denetako profesionalak joan ziren Bermeora, guztira, 60tik inguru. Herri Babesa, Udaltzaingoa, Ertzaintza eta Bilboko Udaleko unitate berezi bat be aritu ziren haiekin batera beharrean. Gurutze Gorriak, bere aldetik, hainbat boluntario eta psikologo eroan zituen Bermeora, sutearen ondoriorik gordinenak pairatu zituzten bizilagunak artatzeko. Jose Luis Bilbaok, egindako lana eskertuz, erakunde horien guztien elkarlana goraipatu zuen.

Izan be, goizaldetik gogotik aritu ziren lanean batzuk eta besteak, eta eguerdirako sutea kontrolpean bazuten be, hurrengo ordu luzeetan be lanean izan ziren, garrak bazirelako oraindik leku batzuetan.

Hego haizearen mina Bizkaiko suhiltzaile zerbitzuko buru Javier Setienek zehaztutakoaren arabera, alde zaharreko etxebizitzek egurrezko zimendazio edukitzeak eta hego haizearen eraginak su garrak erraz bizitu eta zabaldu izana eragin zuen. Bestetik, argindarraren eta gasaren instalazioak moztu izanak kalteak murrizten lagundu zuela esan zuen Setienek: «Horri esker, arriskuak ez dira handitu». estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak, Setienek aipatutako arrazoiez gain, atzo zegoen hezetasun maila aipatu zituen sutea hain errez hedatzeko arrazoi gisa.

Elkartasun hitzak Sua, kea eta erre usaina bezain erraz zabaldu zen komunikabideetan albistea, eta hainbat izan ziren ezbeharra bertatik bertara ikusi gura izan zuten herritarrak.

Bermeora joan ziren arduradun politikoak be ez ziren gutxi izan. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Administrazio Publikoko sailburu eta bozeramalea, bermeotarra izanik, ezbeharra jazo zen lekura joan zen. Esan zuenez, «pena handiz» hartu zuen barria, eta «epe labur batean Nardiz Tar Jon kaleak lehengo itxura» berreskura dezan espero duela esan zuen. Iñigo Urkullu Lehendakariak, Bermeon bertan egindako agerraldian, kaltetuei elkartasuna adierazi zien, «eta baita itxaropenerako keinu bat, min pertsonalik ez baita izan». Suspertzea epe luzera begirakoa izango dela eta, kaltetuen «pazientzia txalotu» zuen Lehendakariak, erakundeen arteko koordinazio lana be goratuz. Horrekin batera, Eusko Jaurlaritza norbanakoen laguntzak bideratzeko prest dagoela esan zuen Urkulluk.

Bermeoko EH Bilduk herria bera zoriondu gura izan zuen, larrialdiaren aurrean «oso ondo» erantzun izanagatik. Alderdi horren arabera, kalte pertsonalik sortu ez bazen, alkateak, alkateordeak eta herriak berak izandako jarrerari esker izan zen. Bermeoko EH Bilduren arabera, udalak hasiera-hasieratik eskaini zien babesa kaltetu danari, zerbitzu danak herritarrek eskura ipiniz. «Drama honen aurrean hautetsiek zein herritarrek izandako jarrera zoriontzekoa da».

Bestalde, suhiltzaileek, herriko hainbat elkartek, udaleko langileek emandako laguntza eta egindako lana eskertu du alderdi abertzaleak. Horrez gain, kaltetu guztiei besarkada bat helarazi gura izan die, animoak emateagaz batera. EAJk kaltetu guztiei elkartasuna adierazi die, eta bere disponibilitate osoa agertu, «behar daben arlo guztietarako». Horrez gain, «arlo desberdinetako profesionalek gure ondasunak, etxebizitzak eta udaletxea bera babesteko egin duten esfortzu ikaragarria» eskertu dute jeltzaleek, «hainbat eta hainbat herritar anonimoren jarrera» txalotuz, «asko izan baitira euren laguntzea eskaini diguten bermeotarrak.

Erakundeen «erantzun azkarragaz» be pozik agertu da EAJ, Iñigo Urkullu Lehendakaria, Jose Luis Bilbao Ahaldun Nagusia eta Estefania Beltran de Heredia sailburua aurretik direla, herritar legez euren elkartasuna jasotzeaz aparte, katastrofe honengatik kaltetu direnentzat eraginkorrak izango diren neurriak eskaini dizkigutelako».

Udalbiltzak be elkartasuna helarazi dio Bermeoko herriari, eta laguntza eskaini.

Espainiako Gobernuko Bizkaiko ordezkariorde Ignacio Ericek, besteen hari beretik, elkartasuna adierazi die suteak kaltetu guztiei, eta Espainiako Gobernuaren izenean, gainontzeko erakundeekin lankidetzan aritzeko prestutasuna agertu du.