Olentzero eguneko ekitaldia ikertzea eskatu du Dignidad y Justiciak

2013/02/13

BUSTURIALDEKO HITZA|

Dignidad y Justicia elkarteak Gernika-Lumoko Olentzero eguneko ekitaldia ikertzea eskatu dio Auzitegi Nazionalari. Berri agentzia batek zabaldu duenez, elkarte espainiarrak salaketa bat jarri du dagoeneko.

Elkartearen ustez, Gernika-Lumoko ekitaldian ETAko kideak goratu zituzten antolatzaileek, eskualdeko euskal presoen argazkiak agertzen baitziren. Berri agentziak dioenez, elkarteak txostenak egitea eskatu die Ertzaintzari, Guardi Zibilari eta Polizia Nazionalari. Txosten horien bitartez, abenduaren 24ko ekitaldian ETAko kideak goratu zirela baieztatu gura du Dignidad y Justiciak.

Modu berean, antolatzaileak, ekitaldian parte hartu zuten pertsonak, eta argazkietan agertzen ziren euskal presoak identifikatzea eskatu du salaketa bidez elkarteak. Berri agentziak jakinarazi duenez, zenbait kartel eta argazki aurkeztu dituzte proba bezala.