Muxikako argazki lehiaketako lanak ikusgai jarri dituzte Zubieta Errotan

2013/12/11

BUSTURIALDEKO HITZA| Muxikako Udalak argazki lehiaketa bat antolatu zuen joan den azaroan, eta lehiaketara aurkeztutako lanak jendaurrean jarriko dituela jakinarazi du. Hala, gaur hasita, argazki guztiak izango dira ikusgai Zubieta Errota eraikineko beheko solairuan.

Bestalde, lehiaketara aurkeztutako zenbait argazki erabiliz, 2014ko egutegia prestatzen ari da udala. Azaldu duenez, egutegia herriko etxebizitza guztietara bidaliko dute, herritarrek udalaren oroigarri xume bat izan dezaten.

Aurten lau sari banatu ditu udalak, lehiaketan parte hartu zuten argazkilaritza zaleen artean. Eduardo Abaunza bermeotarrak bilduma hoberenaren saria jaso zuen, eta Gorka Arrien gernikarrak, bestalde, argazki hoberenaren saria. Modu berean, muxikar batek ateratako

argazkirik hoberena, eta ume batek ateratako argazkirik hoberena ere saritu zituen udalak. Irene Rodriguezek eta Naia Foruriak jaso zituzten sari horiek.