Muxikako antzinako bizimoduaren ahotsak jaso dituzte

2013/01/04

GAUR AURKEZTUKO DUTEN EGITASMOAN 31 HIZLARIREN TESTIGANTZAK BATU DIRA 70 ORDU INGURU GRABATUZ

IÑIGO ALBERDI -DEIA|

Azken hiru urteotan 80 urtetik gorako 31 muxikarrekin elkarrizketak egin eta gero, gaur arratsaldean aurkeztuko dituzte Zubietaerrota eraikinean -arratsaldeko 18:30ean- Ahotsak egitasmoaren barruan jasotako testigantzak. Euskal Herri mailan duela bost urtetik hona gauzatzen den proiektu honen helburua -242 udalerritan egin da dagoeneko- ahozko ondarea eta herri hizkerak batu eta hedatzea da, eta horixe egin da Muxikan ere.

Lan hau Badihardugu Euskara Elkarteak egin du -Udalarekin aurreko legegintzaldian hitzarmena egin ostean- eta Nerea Goiria muxikarra izan da, hain zuzen, lanketaz arduratu dena. “Aurretik bageneuzkan hiru grabazio 1901ean jaiotako Isidro Juaristirenak eta aproposak ziren gerra aurreko sasoia bizi izan zutenen testigantzak jaso eta gal ez zitezen. Gainera, kontuan hartuta oraingo Muxikako udalerria dena lehen Gorozika, Ibarruri eta Muxikak osatzen zutela, iker-tzeko interesgarria zen”, dio.

Horrela, Gorozikako bederatzi hizlari eta Ibarruri eta Muxikako hamahiruna hartu zituzten, euren berezitasunak aztertzeko. “Konturatu gara Ibarruri eta Gorozikakoek bazutela harremana euren artean, baina ez hainbeste muxikarrekin. Euskara aldetik, uste nuen ezberdintasun handiagoak izango zirela euren artean, gazteen hizkera ezagututa, baina helduen artean ez dut igarri alderik”, laburbiltzen du.

Ahotsak egitasmoaren webgunean -www.ahotsak.com- aurki daitezke gaur arratsaldean omenduko dituzten muxikarren 658 pasarte desberdinak. “Antzinako bizimoduaren berri jasotzea da helburua eta bakoitzak nahi duena kontatu du: pasadizoak eta gauza orokorrak batzuk, eta euren jarduerari lotutakoak besteak; esate baterako, artzaintza, ikazkintza, jostunak, baserri mundua…”, azaltzen du lanaren egileak.

“Lehengo bizimoduaren azken testigantzak dira, eta gal ez daitezen jaso eta herritarren artean zabaltzeko. Esate baterako, baserriko berba batzuk ez dira gure belaunaldira heldu; bai lan horiek ez direlako gaur egun egiten, bai dagoeneko eskuz egiten ez direlako. Berbak, esaerak, kantak, ipuinak… Lehen ahoz transmititzen zirenak gaur egun ez dira transmititzen”, dio Goiriak.

EUSKARAZ Filologa muxikarrak egindako grabazio guztiak bideoz jasota daude sarean -Udalaren webgunean ere bai-, baina ez lehen aipatutako Isidro Juaristirena, soinua baino ez duena. “Hau 1988an Zornotzako Udalak sortutako beka baten harira egin zen, eta, Ajuriako pasarte batzuk agertzen badira ere, batez ere aditzak ezagutzeko egin zen”, gogoratzen du ikerlariak. Oraingo lan honek euskararen ondarea gordetzeko ere balioko du, bertan muxikar helduen “euskara aberatsagoa eta gaur egungoarekin zerikusirik ez duen baldintzen erabilera” altxor baten moduan gordez.

Behin lanak ikusentzunezko eus-karrietan jasota, hauen jabetza Udalarena da, testigantzekin zer egingo duen bere esku geratuz. “Herri ba-tzuetan hezkuntzan sartzen hasi gara, eskoletan erabiltzeko proiektu pilotu moduan, garrantzitsuena zabaltzea delako. Muxikakoekin, printzipioz, ez dago ezer zehaztuta”. Hurrengo pausua, beraz, herriko eskola-umeek euren arbasoen ahotsak berreskuratzea izan liteke.