Mundakarrek korrikan amaituko dute urtea San Silbestre krossarekin

2012/12/19

ABENDUAREN 31N: KORRITUKO DEN LASTERKETA KLASIKO HAU UME ETA NAGUSIEN MAILATAN BANATUKO DA BERRIZ ERE

I.ALBERDI -DEIA|

Ehun bat lagun batuko dira urteko azken egunean Mundakako Lehendakari Aguirre plazan hogeita seigarren aldiz korrituko den San Silbestre krossean parte hartzeko. Urteroko parte har-tze zabalarekin, eskualdeko klasikoa bihurtu da lasterketa hau.

Proba bi zatitan banatuko da: arratsaldeko 17:00etan txikienen lasterketaldia hasiko da -horretarako izena eman beharko dute Alejandro Mallona kiroldegian edo Arkupeetan 16:00etatik aurrera-. Gaztetxoak denak batera arituko badira ere, 7 urtera artekoak, 8 eta 9, 10 eta 11, eta 12 eta 13 urte bitartekoetan sailkatuko dira.

Bestalde, nagusiek ordu bete beranduago ekingo diote euren lanari, hauek ere adinaren arabera desberdinduz: 14 eta 19 urte bitartekoak, 20 eta 29, 30 eta 39, eta 40 urtetik gorakoak. Hauek 17:00etatik aurrera eman ahal izango dute izena Udal kiroldegian edo udaletxeko atarian.