Morgako Udalak umeentzako jolasguneak berrituko ditu

2013/04/09

IÑIGO ABERDI -DEIA|

Haurrentzako jolasguneak berritzea eta egokitzea aurreikusi du Morgako Udalak, txikienei kalitatezko zerbitzua eskaini ahal izateko. Arduradunek proiektu hau aurten aurrera eramateko asmoa azaldu badute ere, lanok gauzatzea behar diren diru-laguntzen arabera izango da.

Honenbestez, Meakaur auzoko zerbitzua hobetzeko asmoz, orain gutxi berritu den herriko frontoiaren ondoan lau kulunka ipini nahi dituzte. Honen helburua herriko umeentzako eta baita herriko aterpetxera hurbiltzen diren erabiltzaileentzako gune egoki bat izatea da. Lan hauetarako aurrekontua 10.200 eurokoa da eta horretarako Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Sailara eskatu dio diru-laguntza Udalak.

Beste hainbeste egin du Udalak, baita ere, Andra Mari auzoko jolas gunearen zoladura berritu ahal izateko. 20.100 euroko aurrekontuarekin, bertoko zoladuran gaur egun dagoen esponja kendu eta, bere ordez, kortxoa jarri nahiko luke agintariek, horrela umeen segurtasuna ahalik eta hoberen bermatu ahal izateko.

Auzoko elizaren atzealdean dagoen jolas parke hau estaltzeko aterpea jarri berri du Udalak, euria edota eguzki gehiegi dagoen egunetan umeek askatasun osoz jolas dezaten. Teilatuaz gain, iparreko aldean haizeaz babesteko pantailak ere jarri dira. Guztira 110.000 euroko inbertsioa egin behar izan da, baina %80 Bizkaiko Foru Aldundiak ordaindu du.