Marijesien aniztasuna elkartuz

2013/12/11

DEIA| Ibarrangeluko elizak herri desberdinen Gabon kanta hauen topaketa saioa hartuko du larunbatean

Saioa 19:00etan hasiko da eta Lekeitio, Iurreta, Ibarrangelu, Ea, Muxika, Arteaga eta Gernikako taldeak arituko dira

MARIJESIAK, Abenduak, Kebonikuak… Izen eta doinu desberdinekin izan arren, Gabonen etorrera iragartzen duten bertsoak kantatuko dituzte larunbat honetan hainbat herriko taldeek Ibarrangeluko San Andres elizan. Gernika-Lumo, Gautegiz-Arteaga, Muxika, Ea, Lekeitio, Iurreta eta Ibarrangelu bertako kideak batuko dira arratsaldeko 19:00etatik aurrera aspaldiko urteetan ohitura bihurtzen ari den ekimenean.

Astelehenetik aurrera Bederatziurrenak hasiko dituzte kalez kale Gernika-Lumon, Ean eta Gautegiz Arteagan, beste herrietan 23ko gauean baino kantatuko ez duten bitartean. Horren aurretik, ordea, denak elkartuko dira bakoitzaren doinuak euren herrietatik atera eta ezagutzera emateko. Bide batez, Ibarrangeluko saioa, kalera atera orduko entseiatzeko aukera ona izango da denentzat.

Bakoitza bere ezaugarriekin, leku guzti hauetan mantendu izan da gaur egunera arte Gabon kantuen tradizioa, nahiz eta “antzina, antza denez, askoz ere zabalagoa zen ohitura hau”, adierazi dute ekimenaren antolatzaileek. Norbere herriko kanten jatorri, historia eta ezaugarriak jakitera emateko azalpenak emango dituzte parte hartzaileek, baina interesgarria, jakina, taldeak abesten entzutea izango da.

“Letrak, luze-labur gora beheran, antzerakoak dira denetan, baina herririk herri badira aldaeratzat hartu daitezkeenak”, gogoratu dute. “Doinuak ere desberdinak dira, baina denak gozo-gozoak eta Gabonak iragartzeko euren herrietan elementu sinboliko moduan funtzionatzen dutenak”.

Eszenaratzeko moduak ere desberdinak dira, batzuek baserri bakoitzean kanta bana eginez eta besteak oinez doazen bitartean abestuz; batzuek makilekin, eta besteak ezer barik edo trikitixa eta panderoen laguntzarekin.

Ean hasi eta behin baino gehiagotan antolatu ostean, laugarren aldia da ekimen hau elkarrekin egiten dela, duela bi urte Gernika-Lumon ere burutu ostean. Hasiera baten eskualdekoak baino ez baziren batzen, azken emanaldian Lekeitio eta Iurretakoak ere elkartu dira. “Asmoa hurrengo urteetan beste herri batzuetan egitea da; esate baterako, iaz Iurretan egitekotan ginen baina azken orduko arazo batengatik ezin izan zen gauzatu”, onartu dute parte hartzaileek.

GERNIKA-LUMO Guztien artean oihartzun gehien dutenak Gernika-Lumoko Marijesiak dira. Hauek astelehenean hasiko dituzte euren bederatziurrenak, txandaka herriko txoko guztiak euren doinuekin zipriztinduz, hilaren 24ko goizera arte. Iñaki Gonzalez, Denis Azkarate, Fernando Astoreka eta Jose Antonio Uriarte Itxaso izango dira bakarlari lanetan arituko direnak, kantuen esfortzuak eta goizaldeko hotzak eztarrietan eragingo dizkieten kalteak saihesteko.

2008 urtetik aurrera antzinako eskuizkribu desberdinetan aurkitutako kopla bana gehitzen ari dira euren errepertoriora eta aurten ere gauza bera egingo dute. “Obligazio bagarik kunplietan legia, guri erakustiarren zeruko bidia”, dio Pedro Bidaguren Garratza lumotarrak Goitia moldiztegian 1919. urtean argitaratutako Marijesien bildumako 59. zenbakidun koplak, baina hau ez dute Ibarrangelun abestuko zapatuan, taldeak doinu berria bereganatzeko astia behar omen duelako.

Lurgorri ingurua -hilaren 16, 19, 22 eta 24an-, Errenteria -17, 20 eta 23an- eta Tiloetako gunea -18 eta 21ean- txandaka egin eta gero, azken goizean, abenduaren 24an, herriko erdigunea zeharkatuko dute gauetako iluntasunean etxetik kantuak entzundakoen dirua batzeko. Aurten Bizkaiko Elikagaien Bankurako izango da metatzen den diru guztia.