Marcos Larrauri: “errugbi taldea egoera ekonomiko larrian egon arren, ez da bidaiaren amaiera”

2013/03/01

BUSTURIALDEKO HITZA|

Marcos Larrauri Gernika Rugby Taldeko managerrak aitortu duenez, “errugbi taldea egoera ekonomiko larrian dago”. Dioenez, ez da egia kalean entzuten den guztia, baina taldeak arazo ekonomikoak ditu. Erakunde publikoen diru laguntzaz gutxitzeaz gain, zenbait enpresek agindutakoa ez emotea erabaki dute azken momentuan. Hala, taldearen plangintza guztia pikutara joan da. “Aurrekontua 2012ko ekainean zarratu genuen, baina ez ordaintzea erabaki dute zenbait enpresek urte hasieran”.

Taldeko managerraren berbetan, “gertatutakoa zergatik ez genuen aurreikusi galdetzen du jendeak. Baina zergatik jarri behar dut zalantzan, pertsona horiek esandakoa”. Hitza emon zutela dio, eta horren kontra taldeak ezin duela ezer egin.

Egoera ekonomikoa larria izan arren, “ez da bidaiaren amaiera” Larrauriren ustez. Arazo ekonomikoen albisteak min asko egin diela dio, baina bizirik jarraituko dutela. Epe laburrean, taldeko kideek lasaitasuna berreskuratzea da helburu nagusia. Komunikabideek albistea kaleratu zutenean, ezinegona zabaldu zen talde barruan, eta ezinegon horrek hainbat arazo sortu zituen.

2013-2014 denboraldiari begira, bestalde, diru-sarrerak bilatzen jarraituko dute taldeko arduradunek. Ohorezko Mailan talde on bat izatea da helburua, eta horretarako dirua behar dela dio Larraurik. Azaldu duenez, lan handia egin dute taldea goi mailara bueltatzeko, eta ez dute etsiko.

Kopako finalaurrekoa

Errugbi taldea arazo ekonomikoekin egon arren, Bizkaia Gernikak partidak lehiatzen jarraituko du. Domekan, esaterako, Kopako finalaurrekoetako joaneko partida jokatuko dute basurdeek.

Larraurik jakinarazi duenez, “jokalari batzuk taldea utzi dute dagoeneko, baina irabazteko gaitasuna dugu”. Errugbi partida baten edozer gerta daitekela dio. Managerraren berbetan, taldeko jokalari gehienek oso ondo ulertu dute arazoa. Hala, pozik azaldu da.

Finalaurrekoetako lehenengo partida Ampo Ordiziaren (Gipuzkoa) kontra jokatuko dute basurdeek. Hain zuzen, Altamirako zelaian jokatuko dute, 12:00etatik aurrera. Zaila izango da, baina emaitza ona lortuta bueltatu gura dute gernikarrek.