Madariaga Dorretxeak irteera bi egingo ditu Busturiko Berezi Basora

2014/01/15

BUSTURIALDEKO HITZA| Madariaga Dorretxeak Urdaibai On-ek bultzatutako Berezi Basoa: Basajaunaren ibilbidea ekimenean parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak, bere baitan antolatutako bi ibilbide ezberdin egiteko aukera eskainiz.

Batetik, Busturiko Berezi basoa ezagutzeko irteera gidatua egingo du, alegia, euskal mitologia, jasangarritasuna eta arte plastikoak elkartzen diren inguru naturalera eramango ditu parte hartzaileak.  Familian egiteko bisita izango da, eta urtarrilaren 19an, otsailaren 16an eta martxoaren 16an izango da ibilbide horretaz gozatzeko aukera. Parte hartu nahi duenak bost euro ordaindu beharko ditu.

Bestalde, Art Land bisita gidatua egiteko aukera izango da urtarrilaren 18an, otsailaren 15ean eta martxoaren 15ean. Rober Garayk gidatuko du ibilbide hori et ArteBrutto Naturals izeneko esperientzia artistiko berrian murgiltzeko aukera emango du. Pertsona heldueu zuzendutakoa da, eta pertsonako sei euro ordaindu beharko dira.

Batean zein bestean parte hartzeko izena eman beharko da Madariaga Dorretxean; 94 687 04 02 telefonora deituta, edotainfo@torremadariaga.org helbidera mezua bidalita.