Lurren Bankuaren argi-ilunez ohartarazi du hainbat gaztek

2014/01/10

BUSTURIALDEKO HITZA| 

Sergio Gonzalez ermuarrak 2011n lortu zuen lursail bat Lurren Bankuaren bitartez. Busturian egokitu zitzaion. Garai hartan Bilbon bizi bazen ere, Mundakara joan zen bizitzera, “baserritik gertuago egoteko”.

Ortua jartzeko proiektuan buru-belarri dabil Gonzalez, eta oilo eta ahate gutxi batzuk izateko asmoa ere badauka. Lurren Bankuaren proiektuarekiko “oso kritikoa” dela aitortu du: “Badirudi izugarrizko aukera dela; ez du deus balio, ordea”. Onartu du, dena den, “orain arte” ez dela gai izan lursail bat lortzeko, eta proiektu horri esker eskuratu ahal izan duela.

“Lursaila lortu ostean proiektua gauzatzeko sortzen zaizkizun arazo guztiak aldundiari bost”, kritikatu du. “Ureztatzeari dagokionez, esaterako, baditugu arazoak; aldundiak paso egiten du. Proposatu diegu, adibidez, baserri bat erostea. Horrela, bakoitzak bere lanabesak gordetzeko etxolatxoa eta bestelako instalazioak egin ordez, guztiontzako leku bat izango genuke”. Lursailen proiektua “garatu nahi ez” izana leporatu die.

Hiru urte zeramatzan lursail baten bila, foru aldundiaren adjudikazioa egokitu zitzaion arte. “Ez dago horretarako lekurik”. Beretzat, beraz, “oso erabilgarria” izan dela onartu du.

Haren ustiapenak dagoeneko martxan beharko luke. “Arazo askori” aurre egin behar izan diela dio, baina: “Udal lizentziek proiektua geldiarazten dizute; Urdaibain egonik goragoko instantzietara jo behar da, eta askoz geldoago doa guztia”.

Gonzalezen ustez, “guztiek nekazaritza babesten dutela esan arren, gezurra da hori”. “Gizarteari balio erantsi handia ematen diogula uste dut nik; datu ekonomikoei erreparatuz gero, ordea, ez dugu ia ekarpenik egiten”, ondorioztatu du. “Beraz, politikarientzat gu ez gara inor; lau hippy besterik ez”, uste du. “Munduaren kontrako gerran” ikusten du bere burua.

Bestalde, foru aldundiak banatzen dituen lursailen tamaina kontuan hartuta, “ezinezkoa” da ekonomia bat sortzea. “Ez da eremu nahikoa hortik soldata duin bat ateratzeko”, esan du.

Proiektua gauzatzen duenean, “zuzeneko salmentari” ekingo dio. “Gainerakoan ezinezkoa da. Prozesu guztia zuk kontrolatzen ez baduzu, bideraezina da”, iritzi dio. Bere “printzipioei” eusteko ere ekingo dio bide horri.

Instalazioak handitzeko lurra

Olatz Odiaga mundakarrari 2012an egokitu zitzaion lursail bat Busturian. “Ortuariak egiten ditut, ekologikoak”. Dena den, Lurren Bankuak adjudikatu baino lehen bazebilen lanean. “Bost urte daramatzat nik. Berotegiak nituen Busturian, eta lursail bat. Beste zati bat eskatu nion foru aldundiari, eta lur eremu bat eman zidaten”, azaldu du.

Lursail hori eskuratu izana onuragarria izan da Odiagarentzat. “Eskas samar ibili gara lur aldetik, eta geunden lekuan ezinezkoa zitzaigun ustiapena handitzea; horretarako erabili dugu lur hori”, adierazi du.

Foru aldundiaren lurren azken adjudikazioan eremuren bat egokitu zaien gazteei “gogoz hartzeko” gomendioa egin die. “Pazientziarekin ibili eta astiro hasi”, esan die.