Lumorako taxi zerbitzua jarriko dute Bidebusa ordezkatzeko

2013/03/18

I.ALBERDI-DEIA|

Aurrerantzean Lumoko auzotarrek doako taxi zerbitzua erabili ahal izango dute, Bidebusaren ordez. Autobus publikoko erabiltzaileen datuak eta zerbitzuaren kostua aztertu ostean, Gernika-Lumoko Udalak ibilbidean aldaketa hau egitea erabaki du, beraz, garraio unitatea ez da herriko gorenengo auzora helduko hemendik aurrera.

Herritar guztien mugikortasun beharrizanei erantzuteko asmoz hartutako erabaki honen ondorioz, Lumoko erabiltzaileek aldez aurretik deitu beharko dute telefonoz ibilgailua bertara gertura dadin -94 625 10 02, 658 708 358 edo 639 465 264 zenbakietara-, betiere autobusak duen ordutegiaren barruan.

Aldaketa honekin, zerbitzu eraginkorragoa lortu nahi du Udalak, horretarako erabilera egokia egingo delako itxaropena izanik. “Orain arte bezala, herritarrok garraio zerbitzu publikoa zuhurtziaz erabiliko dugula uste dugu”, aurreratu dute.

BESTE GELTOKI BI Beste alde batetik, herriko beharrizan berrietara egokitzeko, beste aldaketa batzuk ere egin dira. Hasteko, Santa Luzia auzoan bi geltoki berri izango dira -Araba kaleko 7 atarian, eta Zuberoa kaleko 16an-, eta goizeko lehenengo zerbitzuaren ordua aurreratu egin da. Honenbestez, autobusa 8:40ean aterako da Lorategietatik.

Bidebusa, doako garraio zerbitzua, 2010eko irailaren 6an jarri zuen abian Udalak. Bere lehen urtean, 21.127 erabiltzaile izan zituen, eta iaz 84.553raino igo zen.