Kopako finala apur bat hurbilago du Bizkaia Gernikak

2013/03/06

BUSTURIALDEKO HITZA|

Bizkaia Gernikak ezustekoa emon zuen joan den asteburuan, Ampo Ordiziaren kontrako finalaurrekoetako joaneko partida irabazita. Gernika Lumoko taldea arazo ekonomikoetan murgilduta dagoela-eta, adituek Ampo Ordizia emoten zuten faboritotzat, baina basurdeek bizirik daudela erakutsi zuten. Talde titularrak kolpe handia jasan du hainbat azerritarren irteeragaz, baina harrobiko jokalariek maila edarra emon zuten. Hala, 23-26 nagusitu ziren bertokoak, Altamirako zelaian.

Gernikarrak urduri zelairatu ziren, eta goierritarrak aurreratu ziren markagailuan zutoin artera egindako jautiketa bategaz. Halanda be, partida zeharo aldatu zen ordutik aurrera. Basurdeak erasora joan ziren, eta Iñigo Urrutiaren entsegu bati esker markagailuan aurrea hartzea lortu zuten.

Atsedenaldira bi puntuko errentagaz joan zen Bizkaia Gernika. Bertokoak gehiago izan ziren lehen zatian, baina goierritarrek basurdeen erasoei eustea lortu zuten.

Atsedenalditik bueltan, gernikarrek erasoan jarraitu zuten, eta aldea handitzea lortu zuten. Hala, Amosa Samoarraren eta Magunazelaia gernikarraren entseguek 10-26 jarri zuten markagailua. Kanporaketa nahiko bideratuta zuen Bizkaia Gernikak, baina Ampo Ordiziak ez zuen amore emon. Hala, azken hamar minutuetan partidari buelta emotekotan egon ziren. Azken jokaldian, esaterako, epaileak balio barik utzi zuen goierritarren entsegu bat.

Atzerritarrak

Bizkaia Gernikak hiru atzerritar izan ditu Ampo Ordiziaren kontra. Hain zuzen, Garcia Parrado galizarra, Amosa samoarra, eta Zabaloy argentinarra dira taldean geratzen diren atzerritar bakarrak. Amosa, gainera, oso garrantzitsua izan zen Kopako finalaurrekoa ondo hasteko. Taldeak azaldu duenez, samoarrak denboraldi amaiera arte jarraitzea espero du.