Kirol elkarteek erakustaldia eskainiko dute gaur Bermeon

2012/12/18

I. FRADUA -DEIA|

Areto barruan egiten diren kiroletako herriko talde guztiak batzen dituen erakustaldia izango da gaur ikusgai Bermeon. Saloi dantzak, gimnasia erritmikoa, dantza modernoa, kardiobox, ballet, karatea, eta beste hainbat jardueretan parte hartzen duten kirolariek parte hartuko dute gaur, Artza frontoian arratsaldeko 17:00etan hasiko den ekimenean.

Kirol modalitate hauetan parte hartzen dutenek “aukera izango dute euren aurrerapenak familiaren eta lagunen artean erakusteko”, Udaletik azaldu dutenez. Nagusi zein umeek parte hartuko duten Artza frontoiko egitasmoan, bestetik, “2011-2012ko kirolari eta talde nabarienak zoriondu eta eurak egindako lana txalotuko” dutela iragarri dute Kirol Patronatotik. Izan ere, “saioaren hasieran urteko kirolari nabarienei omenaldi bat egingo die eta sari banaketa egingo da”.