Kafe Antzokian izango da aurtengo Gabonak Rock Festa

2012/12/21

BUSTURIALDEKO HITZA|

Aurten, La Kapilla elkarteak urtero antolatzen duen Gabonak Rock Fest jaialdia Bermeoko Kafe Antzokian izango da eta ez antzinako Jose Done ikastetxeko Kapillan aurreko urteetan egin den moduan. Jaialdia hilaren 29an izango da eta sarrerak salgai daude jada.

20:30eatik aurrera lau talde izango dira Bermeoko Kafe Antzokiko agertoki gainean izango direnak: Rise To Fall, Porco Bravo, Instinct eta Norez. Halanda be, jaialdia ez da amaituko musika talde horien zuzeneko kontzertuekin; izan be, horiek amaitu ondoren, disko jartzaileak izango direla jakinarazi dute antolatzaileek.

Sarrerak aurretiaz, 7 eurotan

Gabonak Rock Fest jaialdira hurbiltzeko asmoa duten horiek dagoeneko sarrerak salgai dituzte. Gainera, aurretiaz erosita merkeagoak dira, 7 euro balio dituzte, hain zuzen. Bermeoko Irudi, Luma eta Zarata dendetan eta Katu tabernan; Gernikako Ospa tabernan eta interneten   www.kulturalive.com webgunean eros daitezke. Bestalde, jaialdiaren egunean bertan Kafe Antzokiko lehiatilan 10 euro balioko dituztela esan dute.

Sarreraren prezioaren barruan, sarrera bera, edari bat eta gitarra elektriko baten zozketarako zenbakia daude sartuta.