Jon Urriolabeitiak eta bere lagun taldeak egingo dute 2014ko Ibilaldiaren kanta

2013/12/05

BUSTURIALDEKO HITZA|

2014ko Ibilaldiaren kanta zeinek egingo duen jakinarazi zuen atzo Ibilaldia Elkarteak, Euskararen Egunaren harira egindako ekitaldi berezian. Abesti lehiaketara helarazitako kantak “guztiz aberatsak” izan direla nabarmendu du epaimahaiak, “musika mota desberdinak uztartzen dituztenak, Busturialdeko herri guztiak aipatzen dituztenak, umeen ahotsak gehitzen dituztenak…”. Ibilaldia Elkarteak eskerrak eman dizkie abesti lehiaketan parte hartu duten guztiei.

Irabazlea ebazteko, besteak beste, “dantzarako zein kantak balio duen, zeintzu berba diren buruan arinen geratzen direnak eta beste hainbat arlo” izan dituzte kontuan. Aukeraketa egitea “zaila” izan dela ere esan dute. Jon Urriolabeitiak eta bere lagun taldeak “antolatzaileek proposatutako hiru aukeretako bat erabili dute”.

Abesti lehiaketako irabazlearen berri eman arren, oraindik ez dute zehaztu kantaren edukia, eta udaberrirako prest egongo dela esan dute. “Oraindik asteek aurrera egin behar dute kanta ofiziala entzun ahal izateko. Lehen urratsa, hala ere, emanda dago. Negu guztia dute aurretik estudioan gogor lan egiteko eta udaberriaren lehen printzeek jantziko dute musikaz Euskararen Bihozfera“.

Kantaren egilearen berri emateaz gain, hitzaldiak, mahai-ingurua… ere izan ziren atzo Elai-Alai aretoan.