JANZTEKO ARTEA IKUSGAI DAGO BUSTURIKO KULTUR ETXEAN

2013/09/04

BUSTURIALDEKO HITZA|

Ikasturtean zehar busturiar talde batek Ixabel Perearen laguntzarekin egindako zenbait jantzi ikusgai ipini dituzte Busturiko Altamira auzoko Kultur Etxean. Ikasleek egindako lanez gain, irakasleak berak egindako zenbait jantzi be ikus daitezke. Kalerako nagusientzako eta umeentzako arropak, ezkontzetarako soinekoak, mahai-zapiak…egiten dituzte ikasturtean zehar. Gainera, andrentzako zein gizonentzako euskal jantzi tradizionalak ere egin dituzte, baita material birziklatua erabilita, beste soineko batzuk.

Aurten ere, taldea sortuz gero, josten ikasteko ikastaroa antolatuko dutela aipatu dute. Horretarako, baina, zortzi edo hamar laguneko taldea sortzea ezinbestekoa dela jakinarazi dute. Taldea sortu bitartean, irailaren 20ra arte, erakusketa bisitatzeko aukera izango da, 09:00etatik 11:30eara eta 16:00etatik 20:30eara.