JANTOKIKO BEGIRALE IKASTAROAN PARTE HARTU AHALKO DUTE BUSTURIALDEKOEK AZAROAN

2013/10/17

BUSTURIALDEKO HITZA|

Bizkaiko Foru Aldundiaren Gaztedi Busturialdea proiektuaren barruan, Jantokiko begirale ikastaroa jarriko dute martxan Urremendiko Gazteria Zerbitzuak eta Gernika-Lumoko eta Bermeoko Udaletako Gazteria sailek. Busturialdean erroldatuta dauden 20 lagunek izango dute bertan parte hartzeko aukera. Dagoeneko izena eman dezake interesatuak, eta plaza kopurua mugatua denez, lehentasuna izango dute 35 urtera arteko herritarrek.

Azaroaren 8an emango diote hasiera ikastaroari eta azaroaren 30ean bukatuko dute; bien bitartean, bariku arratsaldeetan eta zapatu goizetan, Gurutze Gorriak Gernika-Lumon dituen buelgoetan (Juan Calzada kalea, 63) batuko dira ikastaroa gauzatzeko. Hala, asteburu horietan hainbat eduki landuko dituzte: psikologia ebolutiboa (haurtzaroa eta nerabezaroa), elikadura, jolasak eta tailerrak eta lehen sorospenak; guztira, 25 ordu.

Interesatuek honako lekuetara jo beharko dute izena emateko: Urremendi Landa Garapen Elkartearen bulegora (Domingo Alegria enparantzan, Gernika-Lumon), Bermeoko Gazte Informazio Zerbitzura (Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxeran) edota Gernika-Lumo Gazteentzako Informazio Bulegora (Foruen Enparantzan).

Izena ematerakoan 20 euro ordaindu beharko ditu parte hartzaileak. Ikastaroa bukatzen duten horiek dagozkien titulua jasoko dute Bizkaiko Gurutze Gorriaren eskutik.