Jabekuntzaz lehenengoan

2013/03/08

BUSTURIALDEKO HITZA|

Alkartrukerako tresna izan dadin helburu, Sareginek Bermeoko Feministen Sareak hiru hilerik behin aldizkari bat kaleratuko du. Lehenengo zenbakia gaur bertan banatuko dute, Emakumearen Nazioarteko Egunagaz bat eginez.

Duela bost urte, gaurko egunez sortu zen Sareginek. Orain arte egindako elkarretaratzeak alde batera utzita, gaur, 19:30ean, Lamerako kioskotik hasita, Lilijira: emakumiok jabetzera goaz! lelopean kalejira egingo dute. Kalejira hori aprobetxatuko dute Sareginek aldizkariaren lehenengo zenbakia banatzeko.

Blokeka egingo dute lan aurrerantzean Sareginek, hiru hilabeteko blokeetan. Horietako bakoitzean gai nagusi bat landuko dute, eta egiten duten guztiaren barri emoteko bloke bakoitzaren amaieran aldizkari bat kaleratuko dute.

Aldizkari horren bitartez, herritarrengana iritsi gura dute, “beraiek be jakin dezaten zertan” ari diren. Antolatzen dituzten ekimenetan helarazi gura dutena “zaila” dela deritzote, “batez be, gai hauetaz ari garenean”. Hortaz, formakuntzarako eta kontzientziaziorako aldizkaria izan daitekeela diote.

Formatu freskoa eta dinamikoa dauka aldizkariak, eta gazteei zein nagusiei zuzendutakoa da. Euskara hutsean idatzitako aldizkaria da eta horrek “mugatu” egin dezakeela uste dute; halanda be, “guk dana euskaraz egiten dugunez, aldizkaria be euskaraz izan behar zen”.

Jabeaz

Gaurko kalejiran banatzeaz gain, herriko hainbat lekutan be utziko dutela azaldu dute, gura duenak har dezan: Hizkuntza Eskolan, kiroldegian, Kultur Etxean, Berh@zen… leku horietan beti utziko dituzte aldizkariak. Halanda be, aurrera begira horiek banatzeko “leku, ordu eta egun estrategikoak” bilatu behar dituztela diote; “esate baterako, martitzenetako azoka edota ikastetxeetatik irtetzeko orduak” aprobetxatuz. Sare sozialen bitartez be zabalduko dutela jakinarazi dute.

Lehenengo zenbakian Sareginek zer den eta aldizkariak zertan datzan azaltzen dute, batetik. Bestetik, orain arte landu duten gune arriskutsuen kanpainaren barri be emoten dute; izan be, morea koloreko bonbillekin markatu dituzte herriko puntu ilunak, eta emakumeei inkestak egin dizkiete. Bestalde, zenbaki orotan hiztegi antzeko bat be egongo da, berba bati buruzko azalpenak emoteko. Oraingoan, jabekuntza zer den azaltzen du aldizkariak, baita gai hori lantzeko proposamenak be: liburuak, filmak, Interneterako loturak… Hurrengo gaia prekarietatea izango da, eta negura begira, barriz, gorputza, sexualitatea eta abortua.