Izan ginelako eta bagarelako

2013/03/08

BUSTURIALDEKO HITZA|

Herritarrek antolatutako ekitaldi berezi baten bitartez, emakumeak izan duen eta egun duen garrantzia nabarmenduko dute gaur Muxikan. Erdu! gazte asanbladak eta Muxikako Udalak antolatuta, 19:30etik aurrera Ariatzako elizan izango den Baginen eta Bagara ekitaldian 40 emakumek baino gehiagok parte hartuko dute, adin guztietako emakumeek.

Baginen eta Bagara ekitaldian emakumearen papera zein izan den azaldu gura dute muxikarrek. Antolatzaileek azaldu dutenez, “emakumeak beti egon dira ezkutatuta herrian egindako jardueretan, eta beti gizonak izan dira protagonista liburuetan edo komunikabideetan, batzuk aipatzekotan”. Ekitaldi horren bitartez, zera erakutsi gura dute: “Gure herria heldu den lekura heldu bada historian, andreek egin duten lanagatik be izan dela. Andreek eta gizonek egin dute lan, baina emakumeek egindakoa ezkutatu egin da”.

Ekitaldiak atal desberdinak izango ditu; bertsoak, kantak, bideo emonaldiak eta omenaldiak egongo dira, hain zuzen be. Gutxi gorabehera ordubeteko iraupena izango du.

Testu baten irakurketak irekiko du ekitaldia, Baginen eta Bagara-tik zergatik abiatzen diren azaltzen duen testuagaz, hain zuzen. Ondoren, iaz hildako Gregoria Ajuriagogeaskoak gerrako bizipenak azaltzen dituen bideo batekin jarraituko dute.

Omenaldien txanda izango da ostean. Emakume langile guztiez gain, gerraostean kartzelan egon ziren Muxikako sei emakume omentzeko tartea izango dute. “Egun hau beraiek gogora ekartzeko eguna be izango da. Nahiz eta gehiago izan ziren, horiek kausa bardinagatik izan ziren batera kartzelan, eta seirak batera agertzen diren argazki zahar bat daukagu, gainera”. Argazki horretan agertzen diren emakumeen senideak be ekitaldian izango dira. Agertoki gainean testu bat irakurriko dutela esan dute antolatzaileek, eta ondoren, omenaldia egingo diete. “Nahiz eta argazki horretan sei emakume agertu, emakumeak be Euskal Herriaren alde borrokatu zirela sinbolizatu gura dugu, eta ez gizonak bakarrik”. Hori izango da, antolatzaileen ustez, ekitaldiko momenturik bereziena.

Bestalde, Muxikako 40 emakume inguru bilduko dira agertoki gainean, 3 urtetik hasita 76 urtera arteko andrak. Tartean, gainera, kasuistika desberdinetako emakumeak izango dira: etxeko andrak, irakasleak, ikasketak dituztenak, ez dituztenak… denetarik.

Indarrak bilduta, hobe

Hortik aurrera kantuan ariko dira. Halanda be, ez dute aurreratu nahi zein izango den abestia, baina “hunkigarria” izango dela diote. Bertsoek be lekua izango dute gaurko ekitaldian. “Hainbat dira Muxikatik atera diren bertsolariak, baina beti izan dira gizonezkoak. Orain, hori apurtu egin da, eta agertokia denontzako da, gizon zein andra”. Hortaz, gaurkoan hiru neska gazte ariko dira bertsotan.

Indarraren erakusketa txiki bat be egingo dute. “Elkarren aurka barik, andreek eta gizonek elkarrekin askoz be gauza gehiago egin ditzaketela erakusten saiatuko gara”. Ekitaldia abesten amaituko dute, parte hartzen duten guztiek elkarrekin. Gainera, herriko andreen argazki zaharrekin egindako proiekzioa be ikusgai izango da. “Izan zirenak, garenak eta etorriko direnak ikusteko aukera emongo du horrek, eta belaunaldiz belaunaldi mundua apur bat hobetzen saiatuko gara. Hori da ekitaldiaren filosofia nagusia”.

Antolatzaileak pozik agertu dira “herritarren parte hartzearekin, asko inplikatzen ari direlako”. Ekitaldian parte hartzen ari diren herritarrez gain, beste askok “jakin-mina” agertu dutela diote.