Irrien Lagunen saioa bertan behera utzi behar izan du Asinsoc-ek

2013/01/08

BUSTURIALDEKO HITZA|

ASINSOC elbarriak gizarteratzeko elkarteak bertan behera utzi behar izan du hilaren 11ko ongintza jaialdia, Gernika-Lumoko Udalak zenbait egokitzapen egin behar dituelako Jai Alai pilotalekuan. Barikuko saioan Irrien Lagunek parte hartu behar zuten, eta batutako diruagaz urteko gastuak ordaindu behar zituen elkarteak.

ASINSOCekoek diotenez, kolpe latza izan da elkartearentzat. Izan be, ongintza jaialdian jende asko batzea espero zuten. Barikuko ekitaldea bertan behera utzita, Irrien Lagunen saioa ez atzeratzea erabaki dute elkarteko kideek. Diotenez, “ez luke zentzurik izango, gabonen ostean garai zailak baitatoz familientzat”.

Orain, elkartearen gastuak ordaintzeko dirua zelan lortu pentsatu behar dute ASINSOCekoek. Horien berbetan, “egoera zailean” daude, baina elbarriren bat dutenen eskubideak berma daitezen borrokatuko dira aurrerantzean be. Hala, egoera ondo aztertu ostean, hartuko dituzte erabakiak.

Gernika-Lumoko elkarteak 2012ko abenduaren 21ean aurkeztu zuen ongintza jaialdia komunikabideen aurrean. Aurkezpena egin eta zenbait ordutara, Kirol Patronatuak pilotalekuan ezin dela erabili jakinarazi zion ASINSOCi.