Ikasleek 127 zuhaitz landatuko dituzte Gernikan aste osoan zehar

2013/03/12

I.FRADUA  - DEIA|

Naturarenganako errespetuan hezteko egitasmoan parte hartuko dute, aste honetan, Gernika-Lumoko lau ikastetxetako ikasleek. Zuhaitzaren Eguna aste osoan ospatuz, gaztetxoek bertoko 127 zuhaitz landatuko dituzte udalerriko zenbait berdegunetan.

Gaur ekingo diote San Fidel, Seber Altube, La Merced eta Allende Salazar ikastetxeko neska-mutilek bertoko zuhaitzak landatzeko lanari. “Ekimenak naturaren garrantzia eta ingurumenarekiko begirunea sustatzearen garrantzia gogorarazi nahi dizkie”, azaldu dute Udaletik, eta horretarako gune desberdinak bisitatu eta “zuhaitzak landatzeko teknikak ere ikasiko dituzte” ikasleek.

Allende Salazarreko gaztetxoek euren ikastetxearen lurrak izango dituzte landatzeko eremu; Seber Altubekoak kanposantuaren inguruan ibiliko dira; eta La Merced eta San Fidel ikastolakoak, azkenik, itsasadarraren 500 metroko tartean arituko dira hainbat motatako zuhaitzak landatuz.