Idurre Bideguren: “Ez da inbertsio handietarako momentua, udalaren kudeaketa hobetzeko momentua baizik”

2013/11/28

BUSTURIALDEKO HITZA|

Nestor Basterretxea aretoa bete zuten martitzenean Bermeoko Udalaren agerraldira bertaratutako herritarrek. Besteak beste, azken sei hilabeteetako udalaren kudeaketaz aritu ziren egun horretan; alegia, hasieran finkatutako helburuetatik zeintzuk lortu diren eta zeintzuk lortu ez diren azaldu zieten aretoan bildutakoei.

Zertaz aritu zen Bermeoko Udala martitzeneko agerraldian?
Zehazki, hiru gai landu genituen.  Batetik, apirilaren 11n Bermeon izandako sutea izan genuen berbagai; izan ere, eragin handia izan du gauzak egiterako orduan. Horren harira, udalak egin duen lana eta egungo egoera azaldu genituen. Kontra izan ditugun gauzak zeintzuk izan diren guztiok dakizkigu, baina alde ere izan ditugu: udaleko biherginek, herritarrek eta kaltetuek eurek izandako jarrera ona, esaterako. Bestetik, azken sei hilabeteetan eman ditugun aurrerapausoez aritu ginen. Adibidez, arlo sozioekononikoari dagokionean, Bermeo ekonomikoki indartzeko zein pausoa eman ditugun azaldu genuen; bestetik, desoreka sozialari aurre egiteko emandako aurrerapausoak aipatu genituen: zaharren egoitzarako egindakoak eta emakume, gazte edo etorkinen inguruan egindakoak, kasuan kasu; bermeotarron bizi kalitatea hobetzeko eman ditugun aurrerapausoak ere zeintzuk izan diren aipatu genituen: gauza handirik egin ez arren, gauza txiki batzuk egin dira-eta; Bermeoren eraldaketari dagokionez, proiektu handi bi ditugula gogoratu genuen: batetik, saihesbidea eta, bestetik, plan orokorra; halaber, gure kulturaren parte eta jabe izateko egindako ekimen garrantzitsuenez ere minatzatu ginen, eta, azkenik, kudeaketaz aritu ginen: gestio garden baten alde egin behar dugula azaldu genuen, eta horrek, gainera, eraginkorra izan behar duela aipatu genuen. Horren harira, batetik, asetasun inkesta batzuk egin direla aurten gogorarazi genuen; bestetik, udalaren tramiteen inguruko informazioa eman genuen, eta, horrez gain, online izapideak egin ahal izateko emandako erraztasunez aritu ginen. Aurrerapauso horiez gain, bizi dugun egoera ekonomikoari zein irtenbide ematen saiatu garen ere azaldu genuen.

Aldundiaren maileguaz ari al zara?

San Martineko etxebizitzen auzia dela eta, enbargu bat geneukan, eta hori saihesteko eta, azken finean, Berualako kontuak bahitzea ekiditzeko, Eusko Jaurlaritzara eta Bizkiako Foru Aldundiara jo genuen irtenbide bila. Azkenean, aukera bakarra ikusten genuen: aldundiak proposatzen zigun mailegua eskatzea.. Udan atera zuten dekretu bat udalei zorpetzeko aukera emanez. Beraz, mailegu hori eskatu genuen, batetik, zorrean genituen hornitzaileei ordaintzeko, eta, bestetik, San Martineko etxeei ahalik eta arinen konponbidea bilatzeko; alegia, etxe horiek amaitzeko eta lehenbailehen saltzeko. Horretarako, doikuntza plan bat aurkeztu behar izan dugu, azken finean, erakusteko Bermeoko Udalak gaitasuna duela mailegu horri aurre egiteko. Datorren astean aurkeztuko dugu seguraski, baina datuen arabera, horretarako gaitasuna badu udalak. Ez da gure helburuetan zegoen gauza bat, baina aurre egin behar diogula uste dugu, etxe horiek horrela mantenduta, dirua galtzen gaudelako.

Mailegu hori udalaren helburu estrategikoak burutzeko oztopo bat izango ote da?

Bera mailegua barik, egoera ekonomikoa da oztopo bat. Egoera ekonomikoak orokorrean zaildu egiten du gure helburuak aurrera ateratzea, baina, horrez gain, nork bere eskumenak ez baditu bere gain hartzen… Udaletik eskatzen dugu bakoitzak bere beharrak bete ditzan. Bermeoko Udalak ez du arazorik besteen eskumenak aurrera ateratzeko, horretarako egitura baitaukagu, baina, finantziaziorik ez badator, arazoa sortzen da.

Zeintzuk izan ziren herritarrek agerraldian erakutsi zituzten kezkak?

Azokako aparkalekuen, Aritzatxu hondartzaren, Bizkaibus zerbitzuaren, enplegua sustatzeko programen eta herrian dagoen aparkaleku arazoen inguruko kezkak agertu zituzten, esaterako. Horrez gain, Busturialdeko Ur Partzuergoaren saneamendu azpiegiturak publiko egiteari dagokionean, galdetu ziguten ea Bermeok nola erabaki lezakeen horrelako gauza bat, jakinda zerbitzu publiko bat garestiagoa dela  zerbitzu pribatu bat baino. Bermeok ez duela halakorik erabaki erantzun genion horri, soilik Partzuergoaren barruan sartzea erabaki duela azalduz; alegia, barruko langileekin kontatzea eta horretarako lan poltsa bat sortzea Mankomunitateak berak hartutako erabaki bat dela azaldu genuen, eta ni ezin naizela horren kontra egon, udalean ere halako erabakiak hartu direlako eta ez dugulako uste enpresa pribatu bat kontratatzea merkeago denik publiko bat kontratatzea baino. Gauzak aldatzen dira, enpresa pribatu hori kontratatzea merkeago izan dadin, adiministrazioak begiak ixten dituenean, enpresa pribatuak berak nahi duena egin dezan.

Zein da egungo udalaren egoera ?

Egoera ez da erraza, baina uste dut egoera guztietara egokitzen jakin behar dugula. Ez da inbertsio handietarako momentua, baina bada, gure kudeaketa hobetzeko momentua, eta horretarako, orain arte egin bezala, aurrerantzean ere gauza asko egin beharko ditugu.

Zeintzuk dira aurrera begirako pausoak?

2014rako aurrekontuekin gabiltza orain, eta horiek barruko parte hartze zabalago bategaz burutu nahi ditugu. Orain arte, gainera, aurrekontuak oso zailak ziren ulertzeko, baina herritarrei erakutsi nahi diegu zertan gastatzen dugun dirua, eta, horretarako, modu errazago batean azaltzea komeni da; alegia, zer gura dugun eta horretarako zenbat dirua behar dugun argi uztea. Azken finean, beste era bateko dinamikak egin nahi ditugu kudeaketa aldetik, eta hori epe luzera igarriko du herritarrak.