IBARRANGELU WEBGUNE BERRIA HERRIAREN IRUDI IZANGO DA

2013/09/02

DEIA-I. Fradua|

Azken bi hilabeteetako lan gogorrari esker, Ibarrangeluko Udalak bere webgune berria -www.ibarrangelu.net- estreinatu du orain egun gutxi herritarren mesederako. Bizkaiko Foru Aldundiaren BiskayTIK proiektuan barneratua, ataria herriko irudi berritua izango dela zehaztu dute Udal ordezkariek. Etorkizunean etxetik internet bidez administrazio izapideak egiteko aukera eskainiko duela ere ziurtatu dute.

“Plataforma modernoa sortu da, intuiziozkoagoa, erabilgarriagoa eta eduki berriekin”, gaineratu dute Ibarrangeluko arduradunek. Izan ere, Udalaren helburua “herriko egoera argi eskaintzea da, eta baita udal zerbitzuen, kultura eta aisi eskaintzaren eta, azken finean, Ibarrangeluri buruz interesgarria izan daitekeen guztiaren berri ematea” da, beharrezko den informazio guztia erabiliz, bai herritar bai kanpotarrentzako.

Atal desberdinetan banatua, administrazio-informazioaz gain, udalerrian dauden baliabide turistikoen eta zerbitzuen zerrenda ere badu webgune berriak.

“Gune hau proiektu handiago baten lehenengo fasea da eta laster herritar guztieti administrazio izapideak etxetik bertatik egiteko aukera eskainiko zaie. Nolanahi ere, web atari berria tresna interaktibo eta aldakorra -informazio beharren eta herrian gertatzen diren aldaketen arabera- izango da”, zehaztu dute udal arduradunek.