Iaz baino 4.152,37 euro gutxiago izango dituzte Eako udal aurrekontuek aurten

2013/03/07

BUSTURIALDEKO HITZA|

Eako Udalak 856.994, 82 euroko aurrekontua onartu du 2013. urteari begira; alegia, iaz baino 4.152,37 euro izango ditu aurten urteko gastu eta inbertsioei aurre egiteko.

Aurrekontuak «krisi garaiaren isla» direla dio udalak; dena den, Espainiako Gobernuak ezarritako lege barriarengatik izango ez balitz, udalak ez lukeela inongo arazorik izan beharko azaldu du.
Izan be, aurten, Eako Udalak –beste hainbatek bezala–, ezin izango ditu diruzaintzako soberakinak inbertsioetarako erabili, soilik zorrak kitatzeko. Espainiako Gobernuak indarrean jarri duen araudi barri horrek aurrekontuak gorantza mugitu ahal izateko aukera gutxiago emoten duela dio Eako Udalak.

«Kontraesan baten erdian gaude, maileguak beharrezko azpiegiturak finantzatzeko eskatzen baitira. Ezarritako araudi barriak dio, baina, lehen guztiz normala zena orain ezin dela egin, eta hori hala izango bada, herriko azpiegiturak atzeratu egingo direla aurreikus daiteke», dio udalak.

Aurrera egiteko zailtasunak
Horregatik, aurrekontuak aurrera eramateko unean «zailtasunak eta eragozpenak» izango ditu udalak, eta horiei irtenbidea nola emon jakiteko Bilduko teknikari batzuen azalpenak jaso zituzten atzo arratsaldean.

Bestalde, aurrekontuak onartu ostean, Bizkaiko Foru Aldundiak erabaki du Eak ez duela hondartzainik izango aurten; hori dela eta, aipatu aurrekontuetan, 8.000 euro inguru gutxiago izango dira sarreretan, eta, hala, herritarrek ez dute horretan behar egiteko aukerarik izango udaran. «Ez dakigu zer gertatuko den hondartzainaren lanpostuagaz, herritarrak beti  itxaron izan dute hiru-lau hilabeteko lanpostu hori, baina, momentuz, ez dute horretan beharra egiteko aukerarik izango».

Aurrekontuen zati handi bat administrazio orokorreko gastuetarako erabiliko du udalak; alegia, 332.992,75 euro langile eta gastu finkoei dagozkiokenak ordaintzeko. Eskolondoko Herriko Etxeako lanentzako be 26.656,82 euro erabiliko ditu.
Kale eta bideen partidara, ostera, iazkoagaz alderatuta,32.107, 42 euro gutxiago bideratuko dute; hain zuzen be, 41.463,40 euro.