“IA DANA PREST” MAIATZAREN 11KO ÉRROMEIDXE´-RAKO

2013/04/24

BUSTURIALDEKO HITZA|

Oraindik egun bazuk falta badira be, ia dana prest dago hirugarren urtez egingo den Erromeidxe-rako. Maiatzaren 11n egingo dute aurten, eta iaz egin moduan, Alde Zaharrak hartuko du protagonismoa egun horretan, batez be, antzinako harresiko ateek.

Hilaren 11n gertatu zen sutearen ondorioz, ordura arte prestatuta zuten egitaraua «apur bat aldatu» behar izan dutela azaldu dute antolatzaileek: «jaialdi xumeago bat egingo dugu. Gastuak zeroan utzi ditugu, lortzen ditugun diru sarrerak kaltetuei bideratzeko». Horrela izanik, aurreikusita zituzten euskal musika tresnen erakusketa eta hitzaldia bertan behera utzi dituzte, «datorren urterako utziko ditugu», diote.

500 lagunentzako lekua Iaz Artza frontoian egin zuten bazkaria, aurten, aldiz, Kofradia Barrian egingo dute, leku gehiago baitago. Horrela, 500 lagunentzako lekua izango dela azaldu dute. Bazkarirako txartelak 25 eurotan ipiniko dira salgai Gizarte eta Kultura Etxean hurrengo egunetan: apirilaren 29an, 30an eta maiatzaren 2an eta 3an, 19:30eatik 21:00etara.

Bestalde, dirua atera ahal izateko zozketa bat be egingo dute eta horretarako txartelak euro batean ipiniko dituzte salgai. Alde Zaharreko tabernetan, herriko zenbait dendatan eta Musika Eskolan eros daitezke. Hain zuzen be 20 sari zozkatuko dituzte. Horietako bi «potoloak», emakumezkoen eta gizonezkoen jantzi tradional bana. Gainontzekoak Alde Zaharreko tabernetan errazinoak izango dira.

Euskal jantziak soinean Antolatzaileek herrian euskal giroa sortzea dute helburu, aurrekoetan egin moduan. Hortaz, jaialdian parte hartzeko asmoa duten guztiei antzinako euskal soinekoak janzteko deialdia luzatzen diete. Goizetik hasita eta gauera arte, euskal giroan murgiltzeko aukera izango dute bermeotarrek maiatzaren 11n, herriko hainbat kultur taldek antolatzen duten Erromeidxe-ri esker.

Egitaraua

  • 11:00. Taldeek kalejira egingo dute. Goiko Plazan, bitartean, sokatiran eta kantuan ariko dira.
  • 12:00- 3:30. Dantza-poteoa egingo dute Alde Zaharretik. Azkenean, Goiko Plazan bilduko dira talde guztiak elkarrekin dantzatzeko eta kantatzeko.
  • 14:30eatik aurrera. Arostegi kaletik behera joango dira kalejiran Kofradia barrira arte.
  • 15:30. Bazkaria Kofradia barrian.
  • 19:00. Dantzaldia Kofradian.

5 ibilbide

  • San Juan Portaletik. Musika eskolako trikitilariak eta Haitz Nagusije.
  • Behi Portaletik. Txalapartariak eta Bermeoko Abesbatza.
  • Santa Barbara Portaletik. Alkartasuna Dantza Taldea eta Erraldoien Konpartsa.
  • Erremedio Portaletik. Joseba eta Lander trikitilariak, Zantzue kultur elkartea eta Irrintzilariak.
  • Errenteria Portaletik. Kankinkabara txistu taldea eta Euskeraz Berbetan.