Hirugarren Mailako bertoko futbol taldeek etxean jokatuko dute

2012/11/09

BUSTURIALDEKO HITZA|

Hirugarren Mailako Busturialdeko futbol taldeek etxeko zaleen babesean jokatuko dute ligako hamabigarren jardunaldia asteburuan. Bermeok bihar jokatuko du, eta Gernikak etzi. 17:00etan hasiko dira bi partidak.

Bermeo Futbol Taldeak, esaterako, Anaitasuna (Azkoitia, Gipuzkoa) hartuko du Itxasganen. Bermeotarrak edarto moldatu dira liga hasieran, eta bolada onari jarraipena emoten ahaleginduko dira azkoitiarren kontra.

11 jardunaldi jokatuta, Busturialdeko taldea sailkapen nagusiko hirugarren postuan dago. Bermeokoa partidarik galdu barik jarraitzen duen talde bakarra da, eta play-off postuetan sartu zen lehenengo biderrez joan den jardunaldian.

Anaitasuna, bestalde, ligako azken sailkatua da, bost puntugaz. Hala, sailkapenari erreparatuz gero, bermeotarrek ez lukete arazorik izan beharko norgehiagoka irabazteko.

Bigarrena jarraian

Gernika-Lumoko futbol taldeak Aurrera Vitoriaren (Gasteiz, Araba) kontra jokatuko du Urbietan. Aurrera sailkapen nagusiko hamabosgarren postuan dago, 11 puntugaz. Gernika, bestalde, bederatzigarren postuan dago, hamalau puntugaz.

Bertokoek irabaziz gero, bigarren partida irabaziko lukete jarraian, lehenengo biderrez 2012-2013 denboraldian. Partidarik irabazi barik zenbait jardunaldi egin ostean, gernikarrak joan den asteburuan bueltatu ziren garaipenaren bidera, Getxori irabazita.