Herriak emon dio arnasa Astra barriari

2013/01/07

BUSTURIALDEKO HITZA|

Astra eraikin barriztua arnasa hartzen hasi da barriro. Barrura sartzen den pertsona bakoitza oxigeno partikula bat da eta, azkenaldian, garai onenetan baino hobeto sentitzen da eraikina. Suntsiketa gune bat izatetik kultura gune izatera pasatu da, eta aldaketak on egin dio. Herriak inoiz baino gehiago maite du arma lantegi ohia, eta hala erakutsi du inaugurazio egitarauko ekitaldietan: Astraren birikiak oxijeno partikulaz bete dira.

Koordinadorako kideak “pozarren” azaldu dira. Diotenez, herritarren erantzuna oso ona izan da, eta azken bi ekitaldietan be hala izango dela deritzote.

Egitarauaren helburua jende mota desbardin batek parte hartzea eta pertsona horiek eraikinean egiten den lana ezagutzea da. Hala, helburua bete dutela uste dute antolatzaileek, umeak, gazteak eta helduak batu baitituzte orain arteko ekitaldietan.

Koordinadorakoen berbetan, herritarren eta eraikinaren arteko “lehen hartu-emona oso positiboa” izan da. Herritarrak orain arte egindako lanagaz gustura daudela deritzote, eta bardin jarraitzea espero dute.

Inaugurazio egitarauko lehen ekitaldietan, esaterako, jende andana batu zen Astran. Lantegiko behargin ohiei egindako omenaldian 150 lagun inguru batu ziren, eta umeen egunean 500 inguru. Orain arteko ekitaldirik jendetsuena, halanda be, kalejira astralurtarra izan da.

Zapatua, egunik jendetsuena

Kalejira astralurtarrak eta ondorengo musika kontzertuek ehunka lagun batu zituzten joan den zapatuan. Jai giroa Gernika-Lumoko kaleetan piztu zen, 18:30ean. Merkatu plazako baserritarren eskultura aurrean hasita, herriko kaleak zeharkatu zituzten adin guztietako pertsonek, kulturarako fabrika soziala zabalik dagoela ospatzeko.

Hala, musikak, dantzak eta kantuek ospakizun egun bihurtu zuten zapatua. Bildutako jendetzaren artean, gainera, astralurtarrak be egon ziren, plater hegalari eta guzti. Gernika-Lumon geratzeko etorri direla gogoratu zuten, eta herritarrekin batera ospatu zuten etxe barriaren inaugurazioa.

Kalejira Astran amaitu zen, ekitaldi hunkigarri bategaz. Eraikinaren arima barria ezagutarazteko asmoagaz, sormen lanek bereganatu zuten bildutakoen arreta. Besteak beste, dantza garaikideak, argi jolasak, antzerkia, musika eta bideo proiekzio bat izan ziren protagonista ordu erdi inguruko ekitaldian.

Eguna jai giroan amaitzeko, bestalde, Iparragirre Rock Elkarteko zenbait musika talde Astrako agertokira igo ziren, jai giroa goizaldera arte luzatuz.

Astra arnasa hartzen hasi da barriro, baina oxijeno partikulek lantegiaren birikietara heltzen jarraitu beharko dute, eraikin barriztuak bizirik jarrai dezan. Hala, aurrerantzean be herritarren parte hartzea ezinbestekoa izango da, proiektuaren garrek piztuta jarrai dezaten.

Azken ekitaldiak

Gaur, 21:30ean. Lilibertso afaria. Etxahun Lekuek eta Beñat Ugartetxeak egingo dute bertsotan.

Bihar, 19:30ean. Kafea eta galletak ekimenaren 34. saioa. Jason Nobleri omenaldia, Bidehutseko ordezkariekin. Shipping News taldearen Save Everything diskoa entzungo dute. Ostean kontzertuak: Lisabo, Jupiter Jon eta DJak. Sarrera: 5 euro.