HERRI MUSIKAK GIROTUKO DAU BERMEOKO TXISTU ALARDEA

2013/06/05

EL CORREO- Iratxe Astui|

Bermeoko txistu alardea herriko musikarien konposizinoakaz girotuko dabe aurtengoan. Jose Antonio Egia musika eskolak urtero antolatzen dauan ikuskizuna, datorren zapatuan egingo da, Udaleko Artza frontoian (20.00). Hamabigarren edizino honetako gonbidatu berezia, Leire Gotxi gazte bermeotarra izango da. «Bere diskoko ‘Iragana’ eta ‘Denbora’ tituludun kanta biak egokitu doguz egun horretarako», azaldu dabe hitzordu musikalaren antolatzaileek.

Txistu alardeak, baina, Bermeoko herri kantak entzuteko aukera ederra eskainiko dau «pieza batzuen bertsino barriak berreskuratu ahal izan doguzalako» azaldu dabe. Horreen artean, Jose Antonio Erauzkinen, ‘Maritxu’ biribilketaren melodia barria nabarmentzen da eta, baita be, Jose Franco, herriko musika bandako zuzendari zala, askotan jotzen zan ‘Camino de Rosas’ pasodoblearena, «baina txistu eta metalerako bertsonian», zehaztu dabe.

Bermeoko txistu alardean ehun bat musikazalek parte hartuko dabe. Bizkaiko musika eskoletako txistulariek ez eze -herriko Kankinkabara barruan dala-, Ondarruko metal taldea, txalapartariak, irrintzilariak eta Alkartasuna dantza taldea be izango dira aurtengoan.