HERRI BARRUAN BIZIKLETAZ IBILTZEN IKASTEKO AUKERA EMANGO DU EUSKADIKO BIODIBERTSITATE ZENTROAK

2013/10/18

BUSTURIALDEKO HITZA|

Herri barruan erabiltzeko garraiobiderik arin eta garbienetarikoa da, ez du energiarik kontsumitzen, auto bat erostea baino merkeagoa da eta, gainera, oso osasuntsua. Aisialdirako eta kirolerako tresna ez ezik, bizikleta herri barruko garraioa ere badela gero eta argiago daukate askok. Alabaina, bidegorri nahikorik ez izateak, auto pribatuaren kulturak daukan pisuak eta segurtasun ezak baldintzatzatzen dute, besteak beste, txirrinduaren erabilera sarritan. Segurtasuna bermatzeko zenbait aholku praktiko jarraitzea  ezinbestekoa dela eta, Energiaren Euskal Erakundearekin (EEE) elkarlanean Hirian bizikletaren erabilera egokia egiteko ikastaroa antolatu du Euskadiko Biodibertsitate Zentroak. Madariaga Dorretxeak azaldu duenez, «bizikleta garraiobide moduan ez erabiltzeko dauden oztopoak gainditzen laguntzea da» helburua; «izan ere, ez ezagutzeagatik edo beldurragatik, hiri eremuan jende askok oraindik ez du erabiltzen bizikleta». Baina, «zalantzarik gabe, segurua, ibilgailu pribatua baino arinagoa eta garraio publikoa bezain azkarra da» txirrindua, «oso aproposa herri eta hirietan erabiltzeko».

Zehaztu dutenez, 14 urtetik gorakoei zuzenduta dago ikastaroa, eta azaroaren 10ean izango da, 11:00etatik 13:30era, Madariaga Dorretxean bertan hasi eta amaituta. Bi ordu eta erdiko saioan, errepidera aterako dira parte hartzaileak, «kontzeptu guztiak azaldu ahala, praktikan» jartzeko aukera izanik.

Izan ere, segurtasunaren inguruko nozioak praktikan jarri nahi dituzte. Hala, esate baterako, aurretiazko egiaztabideak zelan egin irakatsiko dute, eta baita oinezkoekin eta beste garraiobide batzuekin nola jokatu ere. Halaber, bidegorrietarako eta partekatuko bideetarako jarraibideak azalduko dituzte, eta bidegurutzeetan eta biribilguneetan modu seguruan ibiltzeko aholkuak emango dituzte.

Ikastaroan parte hartzearren ez da ezer ordaindu beharko, baina aldez aurretik eman behar da izena 94-687 04 02 telefono zenbakira deituta edota info@torremadariaga.org helbide elektronikora idatzita. Hain justu, azaroaren 3an itxiko dute horretarako epea. Bestalde, nork bere bizikleta eta kaskoa eroan beharko dituela jakinarazi dute.

Ba al zenekien?

  • Zazpi kilometro baino gutxiagoko distantzian azkarragoa da bizikleta. Zenbait kasutan, autoan azkarrago egin daiteke ibilbide jakin bat, baina, betiere, ibilgailua aparkatu beharrak areagotu egiten du denbora tartea, bizikleta malguagoa baita. Hortaz, bizikleta garraiobide eraginkorragoa da hiri edo herri barruan.

@sarean

  • www.eve.es. Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) webgunean kontsulta daitezke bizikleta-ren erabileraren inguruko aholkuak, arauak, jarraibideak… Dena den, hiri edo herri barruko zirkulazioa Espainiako estatuko zirkulazio araudiaren eta tokian tokiko udal ordenantzen menpe dago.