Hamargarren urtez, Sahararen aldeko Euskal Karabana abiatu dute Busturialdean

2014/01/09

BUSTURIALDEKO HITZA|

Urtarrilaren 20ra arte arroza, atuna oliotan, sardinak oliotan, egoskariak, pasta, azukrea eta konpresak batuko dituzte Busturialdeko dendetan, supermerkatuetan eta ikastetxeetan. Horrez gain, Bermeoko San Frantzisko elizako lokaletan ere jasoko dituzte produktuok astelehenetik barikura, 18:00etatik 20:00etara.

Hamargarren urtea da Piztu itxaropena lelopean, aipatu karabana abiarazten dutena Euskal Herrian, eta, oraingoan ere, Bermeoko Sahararen Aldeko Besalde elkarteak bat egin du kanpainagaz, bera baita Busturialdeko zenbait herritan janaria biltzeaz arduratzen dena. Kanpainaren helburua «herri sahararrera ahalik eta elikagai kopuru gehien eroatea da, errefuxiatuen kanpamenduetan duten elikagai falta asebetetzekotan». Horregatik, bildutakoa Aljeriako kanpamenduetara bidaliko dute.

Janari eta garbitasun produktuen bilketa hori Otsailak 27 Euskal Elkarteen Koordinakundeak jarri du martxan, beste behin ere, beste Saharako Herriarekiko Elkartasunerako Euskal Elkarteekin batera.

Iazko bilketan, gorakada

Besaldekoek jakinarazitako datuen arabera, urtero Busturialdean 6.000 kilo inguru batu izan ohi dira; dena den, iaz, kopuru horrek nabarmen egin zuen gora, eta, guztira, 10.717 kilo batu zituzten. Atuna izan zen gehien bildu zena; hain zuzen, 7.429 kilo jaso zituzten. Ohikoa denez, arroza ere dexente bildu zuten, 1.177 kilo. Gutxien batutako, bestalde, olioa izan zen: 42 kilo, guztira.